GARA > Idatzia > Kultura

«Maniac» filmak irabazi du Bilboko FANT jaialdiaren 19. edizioko sari nagusia

p044_f09.jpg


GARA | BILBO

Franck Khalfoun zuzendari frantsesaren «Maniac» beldurrezko filmak irabazi du Bilboko Fant Zinemaldi Fantastikoan film luzerik onenaren saria. 1980an William Lusting zinemagileak zuzenduriko pelikularen remakea da honakoa. Elijah Wood aktorea, «Eraztunen Jauna» trilogian Frodo pertsonaiarekin ospetsu egin ostean, Frank Zito hiltzailearen azalean jarri da. Zito, gaztetan bere amak sortutako trauma batengatik, psikopata bihurtu eta emakumeak akabatzen ditu, horiei ilea eta arropak kendu, eta etxean dituen panpinei jartzeko.

Epaimahaiaren hitzetan «publikoa hiltzaile baten pentsamenduetan modu original batean barneratzea lortzen duelako eta beldurrezko zinemaren erreferentzia klasiko bat berreskuratzeko gaitasuna duelako» erabaki du aurtengo edizioko film luze onena «Maniac» dela.

Tartekia

Jaialdiko beste protagonista Pablo Berger bilbotarra izan zen, berari eman baitzioten Ohorezko Saria, azken hilabeteetan «Blancanieves» filmak lortu duen arrakastagatik. Zuzendariak baieztatu zuen betidanik «oso babestua» sentitu izan dela Bilbon, 1988an Alex de la Iglesiaren laguntzarekin «Mama» film laburra egin zuenetik.

Laburrei dagokienez, epaimahaiak ezin izan zuen bakar bat hautatu eta bi lani eman zien saria: Jose Luis Alemanen «Hotel»-i eta Koldo Almandozen «Deus et machina»-ri. Azken hau Donostiako Zinemaldian izan zen iaz, eta bertan ere zeresana eman zuen. Euskal film labur onenaren saria, berriz, Alberto Vazquezen «Sangre de unicornio»-k jaso zuen. Fant 19ko emanaldietara hurbildu zen publikoak ere izan zuen aukera bere filmik gustukoenaren alde bozkatzeko. Hala, Publikoaren Saria Diego Modinoren «Efímera» lan laburrak eraman zuen.

8

7

Fitxa

Film luzerik onena: «Maniac», Franck Khalfoun. Film laburrik onenak: «Hotel», Jose Luis Aleman. «Deus et machina», Koldo Almandoz. Publikoaren saria: «Efímera», Diego Modino. Ohorezko saria: Pablo Berger.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo