GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

1980ko hamarkada gogoan


 

1980ko hamarkada teorian eta praktikan» lelopean, hainbat arlotako adituak elkartu ziren duela egun batzuk 1980ko hamarkadako argiak eta ilunak aztertzeko eta eztabaidatzeko. Sarrera hitzaldian antolatzaileetako batek hamarkada hori, eta ez beste edozein, aukeratzearen arrazoia zera izan zela azaldu zuen, akademian arreta gutxi eskaini zaiola epe horri ekarpen handirik egin ez zuelakoan -modari begira nahiko katastrofikoa izan zela aitortu zuen- eta konferentziaren bitartez uste hori indargabetu nahi zutela. Eta lortu lortu zuten. Bi egunez, 1980ko hamarkada artearen (proposamen alternatiboen eztanda baino sistema komertzialaren egonkortzea), teknologiaren (musikaren ikuspegitik batik bat), politikaren (Reagan eta Thatcherren agintaldiak, ezkerraren beheraldiaren hasiera, Berlingo harresiaren erorialdia, Sobietar Batasunaren krisia) eta hiesaren inguruko militantismoaren ikuspuntutik eztabaidatu zuten. Gai horiek, jakina, ez dute hamarkada hartan jazotako guztia agortzen, ezta laburbiltzen ere, baina abiapuntu moduan ondo aukeratuta zeudela iruditu zitzaidan. Bitxia iruditu zitzaidana zera izan zen, entzuleen artean gehiengoa hamarkada hartan karrerako lehen urteetan zebilen jendea zela. Alegia, entzuleak hizlariak bezain adituak ziren jorratu beharreko gaian. Eta horrek, nolabait, arrisku bat zekarren, hizlarietako baten hitzetan. «Hemen gaude, 1980ko hamarkadako deseraikitzen, ariketa horretatik zerbait ikasiko dugulakoan. Baina susmoa daukat ez ote garen epe hori nostalgiarekin begiratzen hasi. Hala balitz, konferentzia honen helburuak porrot egin du». Baina ez zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo