GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Zerrenda amaitu gabea», iragan lazgarri batera hurbildu eta gogoan atxikitzeko bidaia ederra

Gernikan eta Gernikak iradokia. Gernikako bonbardaketak eragindako bere emozioak ikusgai ditu Keixeta artista arroarrak apirilaren 14tik hiri hartako Kulturetxean, eta bertan izango dira hil honen bukaera arte. Ezinbesteko geltokia zuen Gernika iaz Zumaian hasitako ibilbide horrek, pintura erakusketa baino gehiago denak. Izan ere, Keixetaren margolanek Amets Arzallusen bertsoek osatzen dute, bonbardaketarik gertatu izan ez balitz, Gernikan egun ikaragarri hura nolakoa izango zen irudikatzen dutenek: azoka eguna, herritarren arteko solasak, haien bizimoduaren, kezken eta are umorearen isla. Eta pintura erakusketa baino gehiago da bonbardaketa ez ezik, eta batik bat, bonbardaketaren ondoriorik mingarriena ere presente dagoelako: biktimak. Ezagutzen diren izenak eta falta direnen aldarrikapena, horiek ahanzturatik askatzeko ahalegina. Gernika eta gainerako herrien bonbardaketen biktimak eta haien sendiak omentzeko obra. Iragan lazgarri batera hurbiltzeko bide ederra, baina bidaia horretatik itzulita, iragan hura eta batez ere hura sufritu zutenak gogoan atxikitzeko. Arteak zertarako balio duen galdera onartzen ez duen «Zerrenda amaitu gabea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo