GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Bihar eguzkia eta eguraldi ona

Lehengoan, etxetik lanerakoa egiteko, euritakoa hartu nuen, andreak ohartarazita: «Gogotik ari dik». Orduantxe baina, irratiak Gasteizko Legebiltzarraren erabakiaren berri eman zuen: legebiltzarkide gehienek euriaren aurkako botoa eman zuten, eta niri oso erabaki ona begitandu zitzaidan, aurten nahikoa bota du eta. Hartara, guardasola etxean utzi eta aspaldiko kaferik gozoena hartu nuen taberna bateko terrazan.

Gasteizko Parlamentuak hala erabaki baitzuen, ez zuen euria ari, baina ni blai eginda iritsi nintzen lanera. Eta pneumonia itzela harrapatu nuen, hori bai, zeharo demokratikoa.

Esate baterako, nik ez dut Antonio Basagoiti ezagutzen, baina herenegun arte gizon publikoa izan da eta haren piura eta agertu izan dituen hitz egiteko era eta pentsaera direla-eta, uste dut eskuin muturrekoa, zantarra eta ergela dela, kategoria horiek neurtzeko ditudan parametroen arabera. Eta badakit ni bezala beste asko ere uste horretakoak direla. Zer gertatuko litzateke Gasteizko Legebiltzarrak erabakiko balu ez dela horrelakoa: nik ere hala pentsatu beharko nuke?

Urtza Alkorta ez omen da preso politikoa, legebiltzar horren erabakiz halakorik ez dagoelako. Hala ere, hamarkada asko dira horrelako presoei ezker abertzaleak ez ezik, gainerako indar politiko gehienek -edo denek- eta herritar gehien-gehienek ere «politiko» izenondoa eransten dietela. Kartzeleroei galdetu besterik ez dago. Horiei ere lanak emango dizkie preso horiei bestela izendatzen ohitzeak.

Urtza ez omen da preso politikoa eta bakartuta zutela galdekatu zuten ertzainak gure babesleak omen dira. Uste izatekoa da hori jakiteak lasaitasuna eman beharko lukeela; niri, baina, ikara ematen dit.

«Espainia zuzenbide estatua da, herritarren eskubideak eta askatasuna osoki babesten dituena», entzun nuen herenegun, eta gaztetako abesti hark nola jarraitzen duen gogoratu ezinik eman nuen eguna. Orain konturatu naiz delako jarraipena beste abesti batena dela, antzekoa baina gaztelaniaz: «por el monte las sardinas, tralará...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo