Floren Aoiz www.elomendia.com
Nora eraman nahi dute gure herria?
Ez dugu inolako Vichyn bizi nahi. Ez dugu zipaiorik nahi. Ez dugu zipaismorik nahi. Bestelako zerumuga dugu gogoan eta oso argi izan behar dugu nondik ez den joan behar. Horretarako balio digute Ondarroako argazki eta bideoekHondar egun hauetan, Ondarroako gertaeren harira, irudi asko zabaldu dira, batez ere Interneten. Hagitz argigarriak dira. Urtza babesteko bildutako jendeak ez zuen inolako erasorik egin, baina indarkeriaz oldartu ziren haien kontra ertzainak. Norbaitek baldin bazuen operatiboa ezkutuan garatzeko asmorik, izugarrizko porrota izan du.
Nik, berriz, beste irudi bat aukeratu nuen burura etorri zitzaidana adierazteko. Frantziar Estatua nazien menpe zegoeneko irudia, frantziar poliziek agintari alemanen agindupean juduen kontra egin zuten oldartzearena, «La Rafle» filmekoa. Ziur asko, batzuei gehiegikeria irudituko zaie.
Ohikoa da entzutea gauza ezberdinak ezin direla konparatu. Haatik, ezberdinak izanik ere, zerbait komunean dutelako konparatzen ditugu. Urkullu ez da Petain, argi dago. Ertzainak ez dira nazien okupazio garaietako jendarmeak. Euskal Autonomia Erkidegoa ez da Vichy, baina nazien menpeko frantses polizien irudiak zer pentsatua ematen digu. Ez dugulako, inondik inora, mutur horretara iritsi nahi.
Eta ez dugu muturreko egoera horretara iritsi nahi, kezkaz ikusten dugulako hori dela batzuen norabidea. Ondarroakoa larria bada, nola ulertu preso politikoak preso politiko ote diren «erabakitzeko» eztabaida instituzionaletan EAJk izan duen jarrera? Egoera ezberdina izanik ere, nabarmena da kolaborazionismoa dela batzuen esparru lehenetsia.
Ertzainak ez dira Indiako zipaioak, baina izendapen horrek ederki islatzen du jende askoren pertzeptzioa. Esanguratsuki, ertzainek berek ere barneratu dute ikuspegi hori, nolabait. Finean, gure testuinguruan «zipaio» hitzak esanahi berezia hartu du. Alferrikakoa da, beraz, gogora ekartzea ertzainak ez direla britainiar inperioaren zerbitzari indigenak. Zipaioak dira bertan zipaio hitzak duen esanahiaren arabera.
Alferrikakoa da, halaber, preso politikoak preso politikoak direla ukatzeko obsesioa. Argi dago hau izanen dela errepresioaren esparru nagusietarik bat: kontuz hitzekin. Baina horrekin ez dute auzi politikoa ezkutatzea lortuko. Urte askotako ibilbidea izan dute ikasteko parada, baina ikusi nahi ez duenaren begirada ez da sobera zorrotza izaten. Preso politiko kontzeptu unibertsalak hemen duen gauzapena argia da eta hori ez dute erraz baztertuko.
Hitzen lehietatik haratago, edonola ere, sakonean, espainiar eta frantziar estatuen joera itxi eta erasotzailea dago. Sakonean, estatu hauen jarreraren aurrean EAJk hartu duen joera dago. Alde batetik, botere inposatzailea dago, inposaketari eutsi nahi diona. Bestetik, egoera ez erosoa izan arren, estatuei aurre egitea baztertu eta estatuen menpe egon nahi duten alderdi eta eragileak, EAJ barne, jakina.
Ez dugu inolako Vichyn bizi nahi. Ez dugu zipaiorik nahi. Ez dugu zipaismorik nahi. Bestelako zerumuga dugu gogoan eta, horregatik hain zuzen, oso argi izan behar dugu nondik ez den joan behar. Horretarako balio digute Ondarroako argazki eta bideoek, baita beste garai eta lekuetako irudiek ere. Baten batek, berriz, nahiago izanen du operatibo garbi eta zuzena izan zela esatea, kritikak baztertuz. Nora eraman nahi gaituzten ezkutatzeko.