Aizkora Urrezko lehiaketa
Bilbon jakingo da finaleko hirugarren aizkolariaren izena
Aitzol Atutxa eta Juanjo Lopez nor baino nor arituko dira gaur arratsaldean, 18.00etan, Bilboko Txurdinaga auzoan. Galtzailea lehiaketatik at geratuko da.
Jon LEUNDA
Aitzol Atutxa eta Juanjo Lopez neurtuko dira gaur Bilboko Txurdinaga auzoan, 18.00etan, Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela eskuratzeko ahaleginean. Bi aizkolari hauek orain dela bi urte finalean neurtu ziren, baina bietako batek aurten ezingo du azken norgehiagokan egon.
Atutxa bigarren izan zen bere multzoan final-laurdenetan, eta hirugarren berean, Lopez. Gaurko, bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batuta onena duenak irabaziko du. Bi aizkolariek une honetan duten maila kontuan hartuta, Bizkaiko txapelduna da garaipena lortzeko faboritoa. Atutxari ongi antzematen zaio, eta lan laburrak, gainera, nahiko aproposak dira beretzat.
Lopez azkenaldian ez dabil ongi, eta finalerdian segundo bategatik sartu zen. Egia da ere final-laurdenetan enborrekin ez zuela zorte handirik izan, baina galtzak bete lan izango du Aitzol Atutxa menderatzeko. Beste finalerdia Mugertza II.ak eta Otaegik jokatuko dute, baina oraindik lekua eta eguna zehazteko daude. Nazabal eta Rekondo, berriz, finalean daude.
Bihar, 12.00etatik aurrera jokatuko dira Leitzako pilotalekuan 23 urtez azpikoen bi finalerdiak. Batean Kañamares III.a eta Rodriguez II.a neurtuko dira, eta bestean, berriz, Ander Erasun eta Ruben Saralegi.
Lehen finalerdian, Julen Kañamares izango da garaipena lortzeko faboritoa. Aroztegiko gazteak lan bikaina egin du maila nagusikoan ere, finalerdien atarian geratu baita. Gauzak normal joanda, berak lortu beharko luke azken saiorako txartela, baina segoviarrarentzat ere lan laburrak oso aproposak dira, eta kontuz ibili beharko du.
Beste finalerdian Erasun atera daiteke faborito, bera ere maila nagusian final-laurdenetaraino iritsi baita. Saralegik, berriz, martxoan apustua jokatu zuen, eta orduan sekulako maila eman zuen. Beti berdin egotea zaila izaten da, ostera. Dena dela, norgehiagoka hau estua eta ederra izan liteke.
Sokatira
Iruñeko Virgen del Camino institutuko kiroldegian bihar jokatuko da, 11.30ean hasita, Nafarroako Lauko Txapelketako hirugarren jardunaldia. Mutiletan 300 kiloko lehen saioa izango da, eta bertan arituko dira Txantrea, Kaskailueta, Amaiur A, Amaiur B, Berriozar eta Basaburua-Imotz.
Nesken 260 kiloko hirugarren jardunaldia ere izango da. Bertan, Sakana, Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrea neurtuko dira. Kadete mailan, berriz, Berriozar A, Berriozar B, Andra Mari, Beriain eta Ultzama lehiatuko dira. Maila honetan ere hirugarren jardunaldia izango da gaurko saioa.
Urrezko Harri-jasotzaileak Txapelketan lau kanporaketa jokatuko dira. Gaur, Txurdinagan, aizkolariekin batera, bi saio izango dira. Batean, Telleria II.a eta Izeta III.a arituko dira nor baino nor, eta Izeta II.a eta Izeta IV.a ere neurtuko dira. Neurketa berezia izango da, aita eta semea lehiatuko baitira.
Bihar, Leitzan, beste bi kanporaketa izango dira. Batean Urrutia eta Eizmendi lehiatuko dira, eta bestean Ostolatza eta Murga neurtuko dira.
Saio bakoitzean zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko dituzte, eta denak ere 100 kilokoak izango dira. Kirolarien pisua ere kontuan hartzen da proba honetan. J.L.
Sei lan ezberdin egin beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta ekinaldi guztietako denborak batu ostean, onena duenak lortuko du finalean aritzeko txartela.
23 urtez azpikoetan bihar jokatuko dira Leitzan bi finalerdiak. Batean Erasun eta Saralegi neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Kañamares III.a eta Rodriguez II.a.