GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urquijok euskarari egindako azken erasoak salatu ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek

GARA | GASTEIZ

EHE Euskal Herrian Euskaraz erakundeak elkarretaratzea egin zuen atzo espainiar Gobernuak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, hizkuntza honek azkenaldian, eta bereziki Carlos Urquijo ordezkariaren eskutik, jaso dituen erasoak salatzeko.

Azaldu zutenez, Gipuzkoako 36 herri erakundek kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak ezartzearen erabakiaren aurka jota, Urquijok helegiteak jartzea erabaki du. Bide horretan, Anoeta eta Lezo izan dira espainiar ordezkariaren helegiteak jaso dituzten lehendabiziko herriak, eta, EHEk adierazi zuenez, antzeko neurriak hartu dituzten herrietara ere iritsiko diren susmoa badago.

EHEren esanetan, argi dago Urquijoren jokabideak ze helburu duen: «Euskaldunok gure herrian euskaraz bizitzea ezinezkoa bilakatzea, asimilazio prozesuaren baitan, erdal hizkuntza hegemonikoa izaten jarraitzea, euskaldunok menpeko eta sumiso izaten jarraitzea eta Euskal Herri euskaldunaren bidean euskaraz bizitzea ahalbideratuko duen edozein neurri edo mugimendu indargabetzea».

Kritikak Lakuari ere

Euskal Herrian Euskaraz-ek Lakuako Gobernuaren aurka ere hitz gogorrak izan zituen. «Non dago Hizkuntza Politikarako sailburuordea? Zertan ari da Baztarrika jauna euskaldunon aurkako eraso eta mehatxuak etengabeak diren honetan? Euskaldunon menpekotasunean oinarritzen al da hainbestetan aldarrikatzen duen elkarbizitza?», galdetu zioten Gasteizko Gobernuari.

Alde horretatik, helegite horiek «euskaldunok osatzen dugun hizkuntza komunitatea eta euskaldunon hizkuntza bera gurean menpekoak direla» frogatzen dute, euskararen aldeko erakundearen iritziz.

Errealitate horren aurrean, «euskaraz bizitzea ahalbideratuko digun» hizkuntza politika burujabea aldarrikatu zuen, «kanpo esku-hartzerik gabekoa, propioa eta herritar orori euskararen ezagutza bermatuko diona».

Bide horretan, Anoeta eta Lezoko udalek egindako hautua babestu zuen EHEk. Euskaraz bizi ahal izateko horrelako neurriak beharrezkoak direla nabarmendu zuten, erabakiari babesa emanez. Era berean, norbanakoen eguneroko konpromisoa ezinbestekoa dela azpimarratu zuen EHEk, euskaldun guztiei kalean, etxean edota administrazioetan euskara erabiltzera dei egin zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo