GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bergarako «jaixak», jende eta gustu partikularren ametsen neurrira

Bergarako Pentekoste jaiak, udaberriko jai goiztiarrok, atzodanik hasiak dira, krisi sasoi ilunei tirrit eginez eta zabor-poltsak herritarrak elkarren artean muturtzeko erabili dituztenen kalkuluak madarikatuz, publiko eta adin guztiei zuzenduriko zapore herritarreko proposamen bizia eskainiz. Parranda eta gozamena, aldarrikapena eta umorea, jende jator askoa eta bisitari andana ez dira faltako. Eguraldiaren demontreak demontre, jai giro bero-beroa ziurtatuta.

p020_f03.jpg

Mañel LARENA | BERGARA

Felixinek eta Gutik atzo jaurtitako txupinazoak Seminariotik udaletxeraino ekarri zuen Bitorianatxo, eta orduz geroztik jaiak eta beren bizitasun eztanda frenetikoa jaun eta jabe dira Bergaran. 33 urtez bonba japoniarrak jaurtiz, ardo kupelak betez, erraldoien konpartsa bultzatuz... jaien antolakuntza eta logistikaren bihotzean izan dira Felix Iñiguez de Heredia eta Luis Mari Gutierrez; hain zuzen, 1979. urtean Guardia Zibilak Tuteran Gladys del Estal hil eta, protesta moduan, Bergarako jaiak bertan behera geratu zirenetik. Hurrengo urtean sartu ziren jai batzordean eta gaurdaino. Erraz esaten da gero! Ez dauka herriak ahaztua, ez, beren ekarpena eta atzoko txupinazoaren aitortzarekin batera, esker oneko keinu legez, herriko bi erraldoi ipotxak Felixinen eta Gutiren erreplika dira.

Ostiralekoa, jai orotako lehen eguna legez, gogor hasi ohi da. Gorputzari -eta poltsikoari- lehen astinalditxoa eman, lagunartean afaria, txosnaguneko kontzertuak, gaueko ordu txikietako lagunak, eta batek daki, agian... agian... gogoko lagunaz eta gustuko posturan gozo-gozo.

Larunbata egun betea da, jaiaren adierazpen ezberdinak kabitzeko nahi adina tarte duena. Gaupaseroen joan-etorriarekin batera, goiz-goizetik ibiliko dira herritarrak kalean gora eta kalean behera. Eguna bigantxen aurrean korrika eginez edo besteen eskapadak ikusiz barre batzuk eginez hasi nahi dutenek Seminarioko zezen-plazan dute hitzordua. Herriko auzo ezberdinetatik atera eta plazan bat egingo dute, bestalde, herriko trikitilari, dultzainero eta udal txistulari bandak. Plazatik elkarrekin Mizpirualde zahar-egoitzaraino joango dira, adineko herritarrei festarako eta dantzarako gonbita egiteko.

Eguerdi parterako bakailaoren pil-pilak eta bere usain sarkorrak hartuko dute herriko plaza. Bergarako okindegi, edari- banatzaile eta harategiek, elkarlanean, bertaratutakoei mokadua eta zintzur-bustitzea bermatuko diote, umeek taloak egiten ikasteko tailerra paratuko da eta bakailao txapelketaren sari banaketarekin batera, urdaila kitzikatuta eta gorputza txispatuta sentitzeko aukera ez da faltako.

Txikitxoei ongietorria

Urtetik urtera gero eta herritarragoa eta jendetsuagoa den ekitaldia egingo da udaletxeko pleno aretoan. Pentekoste jaietara ongietorria emango zaie iazko jaietatik jaiotako haur guztiei. Familia osoa begira dutela, beren esku ttipiekin betirako «Bergarakua» izatearen nortasuna atrapatuz. Ondoren, une hunkigarria betikotzeko, udaletxe aurrean argazki bateratua egingo da eta emozioak lepo, ondoren, txikitxoak, beren guraso eta aiton-amonak eguerdiko jai giroan pulunpatuko dira.

Bazkalordurako, gonbidapen eder askoa dago txosnagunean. Preso eta iheslariak gogoan, horien ausentzia gertuko presentzia, elkartasuna elikagai, bertso bazkaria izango da. Alaia Martin eta Aitzol Barandiaran bertsolariek jardungo dute eta bapo jan eta bihotzetik kantatu ostean, Herrira elkarteak deituriko «Plazak bete» ekimenarekin bat eginez, kalejiran joango dira barraken eremuraino. Euskal presoen aldeko aldarrikapenak bertan ikusgarri eginda, herriko plazara bueltatu eta Santamariñako harritzar mitikoa plazaratuz giza-proba jendetsua egingo da, adin eta ikuskera ezberdinetako herritarren indarra ahalegin komunean bilduz.

Ume eta gaztetxoak, bestalde, eta helduak ere bai, errekortadore gaztetxoen eta, ondoren, errekortadore gazteen txapelketa ikustera hurbildu daitezke. Eta, bestela, umeak sorbaldan hartuta erraldoien konpartsako kalejirara batu, udal txistularien bandarekin batera «Gigante gigante vestidos de elegante/ Gigante gigante vestidos de percal (bis)/ Mari Katalin gona gorri dantzari ta/ Artzai Joxe Bixente/ kolokan kolokan dabiltza kalian/ Danbolin soinuan» kantu aski herritarra kantatuz.

Aurtengoan, gainera, berrikuntzekin datoz Bergarako Erraldoi Taldekoak. Izan ere, Elhuyar Anaien -Bergarako Erret Mintegian wolframioa isolatu zuten Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak- erraldoi txiki bana aurkeztuko dituzte, erraldoitarako zaletasuna bultzatzeko asmoz sortu berri den umeen taldeak aterako dituelarik.

Musikaz leporaino

Musikak eszena zabala izan ohi du Bergaran eta toki ezberdinetan estilo askotarikoen aukerak lepo aurkitu daitezke. Disko-festa nahi duenak, politikoki engaiatua den musika atsegin dutenak, rockaren amorratu di- renak... nahi beste eta nahierara. Herriko plazan, gaztetxean, Seminarioan, txosnetan... norberaren gustuen arabera.

DJon Urbietaren emanaldia izango da Seminarioan; Kupela taldearekin berbena, herriko plazan; beren herriko preso politikoen alde abesten duen Guaka talde maputxea, Elorrixoko Iheskide taldea edo Kataluniako Kop talde indartsua txosnetan... publiko eta gustu partikularrena ere asetzeko bada non aukeratu. Bokata eta errazioak janez, adiskideekin solas nagiak eginez ala petrilean jarrita Deba ibaiko uraren bidea kontenplatuz garagardo eder bat hartuz Bideberriko txoko paregabean.

Gogoari suelto eta libre adierazten utzi, eta berak gidatuko zaitu Bergarako «jaixetako» perlen aurkikuntzara. Iñokin pasau barik ondo pasau, eta ahal dabenak, ligau!

Presoen alde, heldu denok harriari, bultza eta saka, mugituko da-eta

«Danok mugitzen bagaz, mugituko da» izeneko ekimena izango da gaur herriko plazan 19.30etan, jaietan ohitura den preso eta errefuxiatuen egunak Herrirak deitutako «Plazak bete» ekimenarekin bat eginez. Santa Mariña parrokiako bazterrean dagoen harritzar mitikoa, behinola idi-probetarako erabilia zena, plazara eraman eta, bertan, ehunka herritarrek oratu, ideia beraren alde -presoak eta iheslariak etxeratzea- bultzatu, eta mugiezin dirudiena ere, fatalismo eta etsipen guztien kontra, herri antolakuntza eta irudimenaren bidetik mugitu ahal dela demostratuko dute.

Iñaki Arietaleaniz, Luis Mari Azkargorta, Mikel Askasibar, Xabier Arregi, Jose Migel Gaztelu, Jose Luis Elkoro eta Ane Miren Alberdi herriko presoak eta Bergara utzi behar izan duten errefuxiatuak, horien eskubideak aldarri hartuta, beste behin ere, ikusi ahal izango da beren herrikideen gogoan daudela. Eta Bergarara ekarri arte, konpromisoak eta aldarrikapenak ez duela etenik, ezta «bixamonik» ere. Mañel LARENA

Bakailoa eta taloa

Herriko okindegi, harakin eta edari-banatzaileek bermatuko duten mokadua eta zintzur-bustitzeaz gain, umeentzako talo tailerrak eta bakailao lehiaketa herritarraren zapore eta usainek beteko dute eguerdian Bergarako plaza

Elhuyar anaiak

Bergaran wolframioa isolatu zuten Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaien erraldoi txikiak aurkeztuko dituzte eta, zaletasuna bultzatu asmoz, herriko erraldoi konpartsak antolatu duen umeen taldeak aterako ditu

GIZA-PROBA

Santa Mariñako harritzar mitikoa plazara eraman eta «denok mugitzen bagara, dena mugituko da» lema hartuta, ehunka herritarrek sakaka eta bultzaka euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde mugituko dute

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo