GARA > Idatzia > Kultura

Kultura gizarteratzen lagunduko duten 250 ekintzak osatuko dute Olatu Talka

Pinturak, teknologiak, arkitekturak, gastronomiak eta musikak osatuko dute, besteak beste, aurtengo Olatu Talka. Guztira, 250 ekitaldi izango dira ospakizunean, baina kopuruaz eta aniztasunaz aparte, garrantzitsuena jendearen partaidetza eta kultura gizarteratzea da. Haendelen opera bat Konstituzio plazan ikustea, haurrek hiriaren antolakuntza berria proposatzea, edonon kontzertuak entzutea eta artelanen desfile bat ikustea ez dira, inolaz ere, gauza arruntak.

p054_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Olatu Talka, herritarren kultura jaialdia, maiatzaren 24 eta 26a bitartean ospatuko da Donostian, eta arduradunak egitarauko 250 ekitaldiak pixkanaka ari dira ezagutarazten. Joan den astean hiriaren berreraikitzearen 200. urteurrenarekin zerikusia duten ekitaldien berri eman ondotik, atzo bestelako proposamenak egin zituzten. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako proiektu zuzendari Igor Otxoak horietako batzuk azaldu zituen arduradunen laguntzarekin.

Hala, musikaren atalean Talkalive azpimarratu zuen. «Iaz Ostiralive zena, aurten hiru egunetara zabalduko da. Etengabe eta hiriko txoko guztietan -taberna, denda, museo eta kaleetan- taldeak izango dira musika jotzen», azaldu zuen Otxoak. Musika klasikoari dagokionez, apustu erakargarri bat egin dute larunbaterako. 21.30ean Konstituzio plaza antzoki bilakatuko da eta Haendelen «Agripina» opera ikusi ahal izango da bertan. Helburua, musika estilo hau jendeari gerturatzea eta ikuskizun serio eta aspergarria den ospea gainditzea.

Beste kultur arloekin lotuta, sukaldaritzak ere izango du garrantzia. Hala, Basque Culinary Centerrek haurrentzako «Sukaldera» tailerra egingo du. Umeek sandwich dibertigarri eta osasungarriak prestatzen ikasiko dute. Haurrak oinarri izango dituen beste ekintza bat «Donostia, entzun gaitzakezu?» proposamena da. Donostiako eskoletan hiriaren arkitekturari buruzko txosten bat dute, eta umeek maketa bati esker hiriaren antolamendua aztertzen dute, eta hutsik dauden espazioak okupatzeko ideiak ematen dituzte. Proiektu honen fruituak maiatzaren 25ean ezagutuko ditugu suhiltzaileen eraikin zaharrean.

Teknologiak ere badauka lekua Olatu Talkan. Esaterako, «Eraldalab» laborategian (arrantzaleen lonja), 25ean ekonomia izango dute ardatz eta teknologiak nola berbideratu dezakeen azalduko dute. Amaitzeko, arte plastikoekin lotura duten zenbait ekintza aurkeztu zituzten atzo. Horien artean deigarria da 24an Ondarretatik Sagueseraino abiatuko den «Walking gallery». Nahi dutenek euren artelanak eraman ahalko dituzte kalean zehar, hiritarrek ikus ditzaten.

PILULAK

Egitarau osoa «www.olatutalka.eu» webgunean dago eskuragarri. Bertan daude ere «Pilula digitalak»; hau da, jarduerak iragartzen dituzten bideo txikiak.

Donostia Kulturak eta Baionako Scene Nationalek elkarlanerako Eszena-T gunea sortu dute

Baionako antzokiaren eta Donostiako Victoria Eugenia antzokiaren arteko elkarlana sustatzeko Scene Nationale-Sud Aquitaine eta Donostia Kultura egiturek Eszena-T plataforma sortu berri dute. Berriki bi urte iraunen duen hitzarmena izenpetuz «ekoizpen eta difusio artistikorako gune komuna» sendotu nahi izan dute. Bi dantza koprodukzio abiatuak dituzte, dagoeneko: Gasteizko Parasite Kolektiboaren «Hautsa» eta Bordeleko Hors Série kolektiboaren «Apache». Bestalde, Zeharkatuak ekimenaren bidez herritarrek bi hirietan ikusgarriez gozatzeko aukera izanen dute. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo