«Hegoaldeko haizea» familiarteko kontzertuak itxiko du EOSen denboraldia
GARA | DONOSTIA
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) 2012/2013ko denboraldia agurtuko du gaur «Hegoaldeko haizea» familiarteko kontzertuarekin. Bertan protagonistak haize-zura familiako musika tresnak izango dira (oboea, klarinetea, flauta eta fagota) eta musika bidez ipuin bat kontatuko dute Hodei pertsonaiaren laguntzarekin. «Badakigu haizearen jainkoa Eolo dela, haize nagusiak lau direla, baina, nondik dator eta nora doa haizea? Zergatik egiten du hainbeste korrika? Nori segika doa? Noren bila? Zertarako balio du?». Galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko da Hodei Kursaaleko ganbera aretoan.
Kontzertuaren aurretik, Ana Egizabal biolontxelo-jotzaileak zuzendutako sentsibilizazio tailerra egingo dute emanaldian entzungai izango diren doinuak lantzeko. Tailerra doakoa izango da kontzerturako sarrera dutenentzat, baina aurretik izena eman behar da, 943 00 31 80 telefonoan.