GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bidegabetzat jotzen dituen legeak desobeditzera deitu du Sortuk Lakuako Gobernua

Alderdi soberanistaren izenean, Pernando Barrenak Lakuako Gobernuari bidegabetzat jotzen dituen lege eta ebazpen espainolak ez betetzeko eskatu zion, Ondarroako atxiloketaren gisakorik errepika ez dadin.
p016_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Joan den asteazkenean Ondarroako Alamedan gertatutakoa, alegia, Urtza Alkorta militante independentistaren atxiloketaren parekorik berriro gerta ez dadin, Sortuko kide Pernanbo Barrenak eta Amaia Izkok eskaera egin zioten Urkullu buru duen Lakuako Gobernuari; hots, bidegabetzat jotzen dituen Espainiako lege eta sententziak desobeditzea.

Urkulluri berari hitz gogorrak jaurti zizkioten biek. Adierazi zutenez, lehendakariak jarrera «zuritzailea, laua eta desengainuz betea» izan du egun hauetan zehar, Ertzaintzak Ondarroan martxan jarritako operatiboa goraipatzeagatik.

Barrenaren hitzetan, Lakuako Gobernuak ez zuen indar polizialik bidali behar Aske Gunera, «legeak bidegabeak direnean, gobernari bat, duintasunaren ikuspegitik, horiek desobeditzera behartuta dagoelako, eta horixe bera da Urkulluk egin ez duena».

Preso politikoak hizpide

Bestalde, Josu Erkoreka Lakuako exekutiboko bozeramaileak EAJk Gasteizko ganberan preso politikoen izendapenaren auzian izandako jarrera justifikatu zuen atzo. Hain zuzen, espainiar Estatuan preso politikorik ez dagoela dioen mozioa aurkeztu zuten PPk eta PSOEk, eta EAJ abstenitzeari esker aurrera atera zen proposamena.

Erkorekak azaldu zuenez, «bakearen eta elkarbizitzaren eztabaidan bukaerarik gabeko kiribilean» ez jausteko hautatu zuten abstentzioa. Bere aburuz, jelkideen nahia ez zen gaitik «inhibitzea», «aurrera ez egiteko pentsatutako eztabaida publikoan ez erortzea» baizik, hori «izugarrizko akatsa» litzatekeelako, jeltzalearen aburuz, «iraganeko jarrerak gogoratzeko baino balio ez duelako».

Era berean, PP, PSE eta UPyDren botoekin aurrera ateratako ebazpenarekin «oro har ados daudela» onartu zuen, eta horregatik ez diotela trabarik jarri.

Bestalde, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide «Bateragune auziaren» baitan kartzelatutako Rafa Diez preso politikoari buruz mintzatu zen Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Etxaideren ustez, bera bezala, «euskal gizartearen gehiengo nabarmenak» sindikatuko idazkari nagusia izandakoa aske izatea nahi du.

Horrez gain, datorren maiatzaren 30eko grebari buruz aritu zen. «Greba arlo politiko eta instituzional osoarentzako abisua da. Axola zaigu ze alderdik gobernatzen duen, baina siglek ez, aplikatzen diren politikak dute garrantzia».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo