Bizitza berri bat frontoietatik kanpo
Olalde gaztandegia, Pablo Urrizelkiren txapel profesionala
Eskuko arazoek etorkizun handiko kirol ibilbidea eten zuten orain bi urte, baina Lizarrako atzelariak berriz ere takoak jarriko ditu Legorretan egingo den jaian.
Jon ORMAZABAL
Pilotari askori gertatu bezala, eskuko arazoek eten zuten aditu guztiek etorkizun handia iragartzen zioten Pablo Urrizelkiren kirol ibilbidea, nahi eta behar baino lehenago. 2010. urteko irailean jokatu zuen profesional bezala bere azken partida Logroñon. Fibrosi batek mindu zion bere eskuin boteretsua -2006. urtean 12 koadro dituen Tolosako Beotibarren errebote bat jo zuen- eta mediku aukera guztiak agortuta -ebakuntza-gela barne- bost urteko ibilbide profesionala amaitutzat eman behar izan zuen.
Pilota albo batera utzita, bizimodua aurrera ateratzeko irtenbide bila hastea egokitu zitzaion. Aukera desberdinak zituen aurrean kirol- eta baso-teknikari izateko ikasketak amaituta zituen lizarratarrak. Aktore lanetan ere saiakeratxoa egina zuen, pilotari gisa debuta egin zuen urtean, 2005ean, «Kutxidazu bidea Isabel» filmean parte hartu baitzuen, Angel Mari pilotariaren pertsonaia antzeztuz. «Bilatu gabeko zerbait izan zen; lana egin behar zuen aktoreak huts egin zien, pilotari gazte eta euskaldun bat behar zuten eta lagun komun baten bidez jo zuten nigana. Sekula ezer antzeztu gabea nintzen, ezta ikastolako antzezlanetan ere, baina oso esperientzia polita izan zen. Hori bai, argi nuen nirea pilota zela».
Bizitzak, ordea, oso bestelako etorkizun bat zuen gordea Pablo Urrizelkirentzat. Pilotan jokatu ezinda eman zituen azken urteetan Gasteizen bizi zen Lizarrakoa eta buruari buelta asko eman ostean, Arkauteko baserri-gaztandegi batean hasi zen lanean. Berak asko usteko ez zuen arren, ibilbide profesional oparo berri baten hasiera zen hura.
Legorretako aukera
Naiara bikotekidearen Etxarriko baserriko larreak garbitzearren, bere ardi propioak erosi zituzten handik gutxira, gustatu, eta Urbasan ere artzain ibili zen denbora batean, artalde nahiko txikiekin.
Orain bi urte, ordea, beste jauzi bat egin behar izan zuen, ia-ia halabeharrez. Eskuko minak bere pilotari ibilbidea bezalatsu, Guardia Zibilak Aitor Esnaola legorretarraren ilusio eta proiektua, Olalde gaztandegia, eten zuen. 2011. urtean espetxeratua izan zenean, berak hasitako ametsari jarraipena emango zion norbait topatu nahi zuen goierritarrak eta hala heldu ziren Pablo eta Naiara Legorretara.
Bi nafarren «esku ona» agerian geratu da Olalden, eta ametsa zena errealitate izatera pasa dela esan daiteke. Egitasmo honen sendotzea ospatzeko, Olalde Gaztandegiaren Eguna ospatuko dute bihar Legorretan. Hala, Olaldeko artaldea herriko plazara jaitsiko du Urrizelkik eta ardiei ilea nola mozten zaien eta gazta nola egiten duten ikusi ahal izango dute umeek. Urrizelkik berak izango du beste lanik ere, eguerdian, Unai Garmendiarekin batera, Belloso-Ariztimuñoren aurka pilotan arituko baita -goxuaz-, garai zaharrak oroituz.