GARA > Idatzia > Kultura

Tokian tokiko bertsolari eta pilotariak ikuskizun bakar batean bildu nahi ditu Lankuk

Bertsoa eta pilota, euskal kulturan tradizio handiko bi disziplina horiek batu nahi dituzte ekimen batean. Pilotariak binaka arituko dira eta bertsolariek botilero lanak egingo dituzte, hutsarteetan kantatuz.

p053_f02_148x92.jpg

GARA | DONOSTIA

Edozein herriko jaietan bananduta ageri ohi diren bi ekitaldi batean bilduta eskaini nahi du Lanku enpresak. Horretarako, hainbat pilotarik eta bertsolarik osatuko duten «Bertso-pilota» ikuskizuna aurkeztu dute. Uztarketa hori ez da berria, baina modu honetan forma eman eta jai antolatzaileei lana erraztu nahi diete. Aurretik saioren bat egina dute, baina ekainetik aurrera jarri nahi dute martxan.

Ikuskizunean, lau pilotarik hartuko dute parte, binaka lehian, gorri eta berde -lehen ohitura zen moduan-. Bikote bakoitzak bertsolari bat izango du laguntzaile edo botilero eta kirolarien atseden uneak aprobetxatuko dituzte kanturako; animatzeko izan liteke, edo aurkariak zirikatzeko... Sei protagonistez gain, aurkezle bat ere izango dute, artekari moduan arituko dena.

Pilotari, bertsolari eta artekariak tokian tokikoak edo ingurukoak izatea bultzatu nahi dutela esan zuen Lankuko Mikel Mariskalek.

Dagoeneko egin dute saio bat eta badituzte data batzuk finkatuta: ekainaren 15ean Ereñotzun (Hernani), 21ean Donostiako Antiguo auzoan eta uztailaren 25ean Zubietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo