GARA > Idatzia > Kultura

Cunningham eta Aly Bain eskoziarrek itxiko dute Musiketan jaialdia Baluarten

GARA | IRUÑEA

Phil Cunningham eta Aly Bain eskoziarrek Musiketan jaialdiko azken kontzertua eskainiko dute Baluarte entzunaretoan. Urritik hona nazioarteko musikari handiak pasatu dira agertoki horretatik, folk, rock, jazz, blues edo musika etnikoa eskaintzeko. Azken emanaldi hau 20.00etan hasiko da eta sarrerak 13 eurotan izango dira salgai.

Cunningham eta Aly Bain-ek Eskoziako musika tradizionaleko ikonoetako bat osatzen dute. Biek bikote distiratsua osatzen dute, euren melodiak sinpleak diren arren. Lehenak eskusoinua jotzen du, bigarrenak, berriz, biolina. Ez dute besterik behar entzuleak Eskoziako doinuez bustitzeko.

Cunninghamek, bere jarduerari esker, eskoziarrek soinuari garai batean zioten errespetua berreskuratzea lortu du. Hainbat sari lortu ditu, tartean konpositore onenaren Grammy saria. Gainera, urrezko, zilarrezko eta platinozko hainbat disko lortu ditu Bonnie Raitt abeslariarekin batera. Antzerki-ekoizpen askotarako musika konposatu du, eta Silly Wizard edo Relativity bezalako talde berritzaileekin ere aritu da lanean.

Aly Baini dagokionez, entzuleen artean arrakasta handia duen biolin-jotzailea da. The Boys of the Lough taldearekin grabatu izan ditu kantak eta Hue and Cry, Eddie Reader, Fish, Richard Thompson eta Runrig-ekin ere aritu izan da noizbait, kolaboratzaile lanetan.

Musiketan jaialdia Bilbon sortu zen 1994an, eta aurten Iruñean ospatu da lehen aldiz, formatu txikiago batean. Hala ere, hamalau kontzertu programatu dituzte aurreneko saio honetan. Bertatik pasatu dira, besteak beste, Arnaldo Antunes, Edgard Scandurra eta Tuomani Diabate.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo