Indiarekin konfiantza eta lankidetza eraiki nahi ditu Txinako Gobernuak
Indiarekin «elkarrenganako konfiantza» eraikitzeko eta lankidetza areagotzeko konpromisoa hartu zuen atzo Txinako lehen ministroak, Li Keqiangek, Indiara eginiko bisitan. Azken asteetan, Himalayako muga dela-eta, tentsio uneak bizi izan dituzte bi herrialdeek.
GARA | NEW DELHI
Txinako lehen ministro Li Keqiang-ek Indiara bidaia egin zuen atzo, martxoan karguaren zina egin zuenetik atzerrira egiten duen lehenengo irteera ofiziala izanik. India hautatu izana esanguratsua da, azken asteetan Himalayako mugan 125.000 kilometro koadroko lurralde baten jabetzagatik bi herrialdeek duten gatazka historikoa berpiztu baita. Armada txinatarra Indiak aldarrikatzen duen lur eremuan ia hogei kilometroan sartu zela salatu zuen Indiako Gobernuak. Salaketa horrek Txinaren haserrea eragin zuen. Krisialdiari amaiera emateko, soldaduak bertatik ateratzea adostu zuten bi gobernuek. Hala ere, tentsioa ez da erabat desagertu eta mundu mailan biztanle gehien duten herrialdeen arteko harreman ekonomikoak hobetzeko oztopo bilakatu da.
Hori bideratu nahi du, hain zuzen, Lik bisita honekin. Bere hitzetan, hiru helburu ditu: «Elkarreganako konfiantza eraikitzea, lankidetza areagotzea eta etorkizunari begiratzea».
Atzo, «The Hindu» egunkarian argitaraturiko editorial batean «Himalayaren alde batetik zein bestetik, eskua luzatu zion Indiari». India eta Txina elkarrekin munduko ekonomiaren eragile izan daitezkeela nabarmendu zuen. Indiarren haserrea samurtzeko hedabideen bitartez egiten ari diren kanpainaren baitakoa da editorial hori.
«Bakea eta eskualdeko oreka ez dira errealitate bihurtuko, Indiak eta Txinak ez baldin badute konfiantza estrategiko bat eraikitzen. Era berean, mundu mailako garapena eta oparotasuna ez dira egia bihurtuko Txinaren eta Indiaren arteko aldibereko lankidetzarik gabe», esan zuen Lik lehen ministro indiar Manmohan Singh-ekin batera Indiako presidentearen jauregian eginiko agerraldian.
Li Keqiang lehen ministro txinatarraren bisita baliatuz, «Tibet aske izango da» lema zuen pankarta bat zabaldu zuen Tibeten independentziaren aldeko ekintzaile batek, Txinako agintariak New Delhin ostatu hartutako hotelaren atarian.