Ariane Kamio Kazetaria
Rihannaren zuloari begira
Atsegin ditut lotsarik gabe edo, hobeto esanda, topikoei bizkar emanda bizi diren emakumeak. Topikoak edo, hobeto esanda, tabuak. Tabuak edo, hobeto esanda, debeku inplizituak. Izan ere, emakume izateak baditu oraindik hamaika lerro gorri, haiek gaindituz gero, albistegietan ziur titular bereziren bat mereziko dutenak.
Ricky Martin etorri zait gogora -badakit, ez da emakumea- eta, oharkabean, bere probokaziozko dantzatzeko manerak ari zaizkit buruan bueltaka. Gerriari buelta, bularra airean eta neskaz inguratuta. Homosexuala mutikoa, baina beti emakumez inguratuta. Kosta zitzaion bere sexu joera aitortzea. Marketina deitzen diote.
Esan bezala, ikusi ditudan bideoklip gutxitan, bere gorputzaren inguruan eraikitako diskurtsoekin geratu izan naiz. Gizenagoa izango balitz, ziur, beste mekanismo batzuen beharra izango luke puertoricarrak munduan milioika disko saldu ahal izateko. Ahots finduago bat ezinbestekoa luke, esaterako. Baina, bueno, ez du horren hainbesteko beharrik izan, eta sabelaldeko koska zizelkatuek nahikoa mesede egin izan diote orain arte.
Hau ez da Ricky Martinekiko kritika. Are gutxiago. Bakoitzak atera ditzala babak eltzetik ahal duen moduan. Baina bai da, hein handi batean, emakumeenganako ikuspegi zorrotzagoa. Rihannaz ari naiz. Pasa den igandean BECen eskaini zuen kontzertuaz, hain zuzen. 15.000 zale izan ziren Bilbon Barbados irlako abeslariari begira. Zirrara piztu zuen, antza.
«Begira» diot bai, biharamunean komunikabideetan agertutako irudiek ikuskizunaz hitz egiten baitute musikaz baino gehiago. Ikuskizunaz edo, hobeto esanda, dantzaz. Dantzaz edo, hobeto esanda, probokazioaz. Probokazioaz, berak, eta berarekin ziren zortzi dantzariek, sexua iradoki zezaketen zenbait keinu egin zituztelako. Hanka artean zuloa irudikatu zuelako Rihannak. Bertan zuloa duen emakume bakarra izango balitz bezala. Eta berak baditu gorputza, zuloa eta itxura baino zerbait gehiago, baina horrek ez dio gehiegi axola, dirudienez. «¡Ala! ¡Qué fuerte!». [@arianekamio]