Eskola Publikoaren «haziak indartzeko», iganderako hitzordua jarri dute Murgian
Euskal Eskola Publikoaren 22. jaiak hainbat ekitaldi iragarri du iganderako, Murgian. Ikasle, irakasle, familia eta oro har gizarteari guraso elkarteek eskaintzen dioten jaia landa eremuko eskoletara hurbildu da aurten, eta gogorarazi dutenez, «hezkuntzan inbertitzea etorkizuneko bermea da».
Nerea GOTI | BILBO
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskola Publikoaren jaiak Zarauztik Murgira egin du salto aurten. Hitzordua igandean izango da, eta Zuiako haraneko hiriburuan dagoeneko ia dena prest dute jai handi bat hartzeko. Atzo bertan, egitaraua aurkeztu zuten antolatzaileek baita kalitatezko eskola publikoa aldarrikatu ere. «Orain diseinatu eta defendatutako eskolak zehaztuko du bere etorkizuna», adierazi zuen Carlos Lopez Denon Eskola Arabako guraso elkarteak biltzen dituen federazioko presidenteak.
Igandean izango da jai handia, baina Zuiako udalerria ezagutu nahi duenak badu aukera larunbatean hainbat bisita gidatu egiteko. Igandeko jaiari dagokionez, hasiera ofiziala 11.00etan izango da plazan, eta behin jaia abiatuta, zer ikusi, zer egin eta non parte hartu badago sei gune ezberdinetan. Ohi dutenez, adinen arabera egokitu dira gune bakoitzeko jolasak edota ikuskizunak. Horrela, Plaza eta inguruetan 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako proposamenak eskainiko dituzte: puzgarriak eta tailerrak egun osoan; Trapu Zaharra antzerki taldearen «Ametsetan bizi» 13.00etan, batukada ondoren; eta arratsaldean, Herri Kirolen ostean kale antzerkiak erakarriko ditu berriro ikusleak Malas Compañiasen «Orsai» lanaren inguruan.
Bea-Murgia plaza Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek hartuko dute eguerdian, defenditzen duten leloa «Sentitu, pentsatu, ekin» zabaltzeko. Arratsaldean, bolumen altuan entzuteko musika, Astalapo eta Betagarri, 17.00etan hasita.
Eskolan, txiki-txikientzako gauzak egongo dira, ludoteka eta puzgarriak izango baitituzte egun osoan, eta magia erakustaldia arratsaldean. Añureta kalean, artisauen eta GKEn erakustokiak izango dira; eta Skate izeneko gunean, graffiti, DJ tailerra, poney ibilaldia edota malabarismoak izango dira, besteak beste.
Institutuaren instalazioak Irrien Klubak hartuko ditu, eta egun osoan zehar gainera puzgarriak eta tailerrak izango dira; eta bazkalorduan, galdu ezineko hitzordua, paella prestatuko dute-eta 700 lagunentzat. Aurretik erosi behar dira txartelak, 3 euroan, eta 13.00etatik aurrera hasiko dira banatzen. Euskal Okelako hanburgesak ere iragartzen ditu egitarauak, 1,5 euroan.
Murgiko jaira iristeko aukera ugari dago. Hainbat herritan autobusak antolatu dituzte bertaratzeko, EHIGE guraso elkarteen konfederazioaren laguntzarekin. Garraio publikoa erabili nahi duenak La Union enpresak ematen duen autobus zerbitzua du aukeran Gasteiztik eta Bilbotik. Autoz joanez gero, aparkalekuak egokitu dituzte Murgiko hirigunearen inguruetan.
Landa eremuko eskolak
Guraso elkarteek urtero antolatzen duten jaiak 22. edizioa beteko du aurten, eta Murgian izanik, garrantzi handia eman nahi diete sistema publikoaren barruan zeregin handia betetzen duten landa eremuko eskolei.
Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak nabarmendu zuenez, jaiak bi helburu ditu: «Ondo pasatzea, gurasoei, ikasleei eta irakasleei egun bat eskaintzea» eta «euskara ikastetxeetatik kalera ateratzea», eta kasu honetan, «landa eremuko ikastetxeen aldeko aldarrikapena» ere nabarmendu zuen.
«Ikastetxe hauek badituzte beharrizan bereziak eta badaude aldarrikapen zehatzak», azaldu zuen. Testuinguru horretan aipatu zituen herrian eskola garraioarekin dituzten arazoak, espero dituzten bi eraikin berriak edota gurasoek eskatzen duten D eredua herriko ikastetxean. Zuiako Udala ere kezkatuta dago hezkuntzaren hondatzearekin.
Euskal Eskola Publikoaren jaia landa eremuko ikastetxeen errealitatera hurbilduko da eta dituen beharrizanei erantzuteko beharra nabarmenduko du, kalitatezko zerbitzu bat aldarrikatuz.
Murrizketekin kezkatuta, Zuiako Udalak hiru herritako ikasleak garraio zerbitzurik gabe geratu direla nabarmendu du, eta Lakuak 2008an onartu eta oraindik hasi ez dituen bi eraikinen lanak ekarri ditu gogora.