GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Federazioan lan egiteko beste modu bat bilatzeko aurkeztu gara»

p044_f01_765x567.jpg

Patxi Jauregi

Pilota federakundeko lehendakaritzarako hautagaia

Urte asko dira Euskadiko Pilota Federakunderako hauteskunderik egin ez dela. Gauzak ondo joanda, ekainaren amaieran izango den bozketan bi hautagai izango dira, Fernando Azkarate eta Pilota Egituratuz plataformaren ordezkari gisa agertzen den Patxi Jauregi. Orain arte Gipuzkoako Federazioaren buru izan den alegiarrak aldaketa sakon bat beharrezkoa ikusten du.

Jon ORMAZABAL

Gipuzkoako federazioko lehendakari izateari utzi eta beste proiektu batzuk zituen buruan, baina erronka berri batean sartu da palista ohia.

Aspaldi da hauteskunderik izan ez dela, nondik eta nola sortu zitzaizuen aurkezteko ideia?

12 edo 14 urte dira hauteskunderik egon ez dela, eta aurten Gipuzkoatik aurkezteko proposamena sortu zen. Elkarte batzuetatik dei egin zidaten ea ez ote nintzen aurkeztera animatzen, federazioari buelta bat emateko, lan egiteko beste modu bat bilatzeko. Batzuekin eta besteekin hitz egiten hasi ginen. Hortik sortu zen dena.

Gaur egun ez da erraza lanerako jendea topatzea, eta pilota munduan bi zerrenda agertzea ez da pixka bat harritzekoa?

Beti egon da zerrenda bat, ildo «ofizialekoa» esan daitekeena, lan egiteko modu batekin eta ildo berekoa. Horregatik pentsatu dugu ildo hori pixka bat aldatzeko garaia dela, federazioaren beste ikuspegi bat ematea elkarteen aurrean, lurraldeetako federazioekin bat eginez, eta hori bultzatzeko ideiarekin eta aldaketa handi bat egiteko asmoarekin gatoz.

Zeintzuk lirateke zuen hautagaitzaren ildo nagusiak?

Ez gaude inori promesak egiteko; batez ere, bertakotasun hori bilatu nahi dugu, lurraldeetako federazioekin batez ere, elkarrekin lan sakon bat egiteko. Elkarte guztiei gure ideia eta proiektu guztiak azaldu eta euren parte hartzea eskatu, euren iritziak oso kontuan hartu nahi ditugu. Oso garbi duguna da, guk egiten dugun proiektuak ahalik eta adostasun handiena izan behar duela, ahalik eta parte-hartze handienarekin. Azkenean, pilota familia bat izan dadin eta denok ildo berean lan egiteko.

Konexio falta hori sumatu duzu Gipuzkoako Federazioan zinela?

Bai, bai. Orain dela lau urte sartu nintzenean, nahiz eta arraroa eman dezakeen, Gipuzkoako Federazioak Euskadikoarekin harremanak erabat moztuta zituen; lehendakarien artean ez zegoen erlaziorik. Arabakoarekin ere antzera, Euskadikoak ez zuen erlaziorik eta Bizkaikoarekin ere nahiko kaxkarrak. Euskadiko Federakundea oso urrutiko instituzio bezala ikusten zen, bere kabuz ibiltzen zena. Elkarteekin-eta bilerak izatean, pertsonalki nabaritu dut jendeak iritzi hori daukala eta aldaketa hori eskatzen duela.

Esan daiteke Fernando Azkarateren hautagaitza hori horren guztiaren jarraipena dela?

Hori garbi daukagu eta pilota munduko jendeak ere hala duela uste dut. Hemen ez gara asko eta denok elkar ezagutzen dugu, non mugitzen garen ere bai eta, azken batean, denon estrategiak nahiko ondo ezagutzen ditugu.

Zuen aurkezpenean hiru ardatz aipatu zenituzten, lehengoa pilota sustatzea...

Bai edo bai egin nahi dugu hori. Gaur egungo egoera ikusita, oso txarra dela, gure helburu nagusia klubak sustatzea eta laguntzea da, beraiek gabe ez dago-eta pilotarik. Hori oso garbi daukat. Gauzak ahalik eta gehien erraztu behar zaizkie materialarekin, monitoreekin... Hauxe da ildorik garrantzitsuena.

Bigarrena formakuntza da.

Hau ere oso garrantzitsua da. Pertsona batek izan dezake munduko borondaterik onena eta lanerako gogo izugarria, baina pertsona formatuak behar dira umeei-eta erakutsi ahal izateko. Horretarako formazioa martxan jartzea funtsezkoa da.

Amaitzeko, joko-molde guztiak indartzeaz aritu zineten, eskuak dena jan ez dezan.

Eskua da aspaldiko erregina, baina eskua ere ez da telebistatik saltzen digutena. Azkenaldian jaialdi normalik apenas egiten da. Txapelketa behar da eta ikusle aldetik ere jaitsiera handia dago. Baina horretaz aparte, beste modalitateak oso kaskar daude; denak hartu behar dira kontuan eta begirada berezi bat emango diegu.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo