GARA > Idatzia > Kultura

Disonaur Jr. beteranoak eta Junip suediarrak Igeldon izango dira Kutxa Kultur Festibalean

Irailaren 6 eta 7an Igeldon ospatuko den Kutxa Kultur Festibalak bertan izango diren talde guztien berri eman zuen atzo. Dinosaur Jr, Junip, Belako, Dover eta Audience ageri dira izen berrien artean.

p046_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

J. Mascisek gidatzen duen Dinosaur Jr. estatubatuarrak irailaren 7an (larunbata) igoko dira Igeldoko jolas parkeko agertoki nagusira. 1985ean sortutako talde honen gitarra distortsionatuek eragin nabarmena izan zuten 90eko hamarkadan etorriko zen grunge-aren eztandan, besteak beste, Pixies eta Sonic Youth taldeekin batera.

Sortu eta urte berean argitaratu zuten «Dinosaur» lana eta 1997ra bitartean zazpi estudioko disko grabatu zituzten, taldea banatu aurretik. 2005ean berriro elkartu eta «Beyond» (2007) kaleratu zuten; «Farm» (2009) etorri zen gero eta iaz, «I bet on sky».

Hasieratik liderra izan den J. Mascisekin batera, Lou Barlow-ek (baxua) eta Murph-ek (bateria) osatzen dute aldaketak izan dituen hirukotea.

Dinosaur Jr. izango da larunbateko kartel burua, baina atzo jaialdiaren antolatzaileek bi egunetako talde guztien izenak baieztatu zituzten. Ostiralean izango direnen artean Junip talde suediarra dago, Jose Gonzalezek gidatzen duen banda eta Euskal Herrian bakarka behin baino gehiagotan izan dena. Elias Araya eta Tobias Winterkornek osatzen dute 1999an sortutako hirukotea. 2010. urtean «Fields» diskoa kaleratu zuten eta «Junip» izenekoa aurten eman berri dute argitara.

Egun berean Belako talde bizkaitarra izango da agertoki nagusian. Disko bakar batekin, oso kritika onak ari da jasotzen laukote gazte hau, eta atzo Igeldon izan ziren jaialdiaren aurkezpenean.

Ostiraleko kartel nagusia dagoeneko iragarrita zeuden Deloreanek eta Damien Juradok osatzen dute. Gainera, Allo Darlin eta William Tyler ere izango dira «artista gonbidatu sorpresa» moduan.

Larunbatean, aipatutako Dinosaur Jr.-ez gain, Madrilgo Dover taldea ere taularatuko da, orain gutxi Euskal Herrian egin duten moduan, euren «Devil came to me» lehen diskoko kantuak joko dituzte. Bestalde, Bult to Spill, Crocodiles, eta Bobby Bare Jr. ere bertan izango dira.

Egun horretan, artista gonbidatu moduan arituko dira Disco Doom eta Audience bizkaitarrak ere. Gernikarrek esku artean dute dagoeneko lan berria, ekainaren 5ean aurkeztuko dutena. Sarean ikusgai dute dagoeneko «When I rule the world» aurrerapen kantuaren bideoa.

Bestalde, Dance Hall agertokian DJ Makala eta DJ Budinekin gozatzeko aukera izango da eta bertako taldeek ere euren tartea izango dute. Ostiralean, Grande Days, Buffalo, Codigo Bushido, Jus eta Roulot arituko dira eta larunbatean, Cohen, UK Bill, Lou Topet, Istrian eta Napoka Iria.

Gainera, jendea festa gosez gelditzen bada, Egiako Gazteszenan jarraitzeko aukera izango da. Ostiralean Triz3ps eta Fiesta Calor arituko dira bertan eta larunbatean, Shannon & The Clams eta Coco DJ.

Egitaraua

IRAILAK 6, OSTIRALA:

Eszenatoki nagusia:

Crystal Fighters, Delorean, Belako, Junip, Damien Jurado.

Artista sorpresa gonbidatuak parkean: Allo Darlin, William Tyler.

Le Bukowski Dance Hall: DJ Makala, DJ Budin.

After Gazteszena: Triz3ps, Fiesta calor (Kigo, Mweesle, Hosoi, Arufe).

Tokiko taldeak: Grande Days, Buffalo, Codigo Bushido, Jus, Roulot.

IRAILAK 7, LARUNBATA:

Agertoki nagusia:

Dinosaur Jr., Dover, Built to spill, Cocodriles, Bobby Bare Jr.

Artista gonbidatu sorpresak parkean: Audience, Disco Doom.

Le Bukowski Dance Hall: DJ Makala, DJ Budin.

After Gazteszena: Shannon & The Clams, Coco DJ (Apolo).

Tokiko taldeak: Cohen, UK Bill, Lou Topet, Istrian, Napoka Iria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo