GARA > Idatzia > Kultura

Indianoak 2013: 500 kilometro traineruz Saint Laurent ibaian, balea arrantzaleen bidetik

Indianoak 2013 proiektua sortu dute Angeluko Ibaialde elkarteak eta Montrealgo Euskal Etxeak, kirolaren eta kulturaren bidez Euskal Herriaren eta Quebecen arteko harremanak sendotzeko asmoz.

KAZETA.INFO | ANGELU

Ibaialde elkarteak eta Montrealgo Euskal Etxeak Indianoak 2013 proiektua sortu dute. Euskal-quebectar arraunlariak traineruz Saint-Laurent ibaian ibiliko dira 500 kilometroz, Trois-Pistolesetik Montrealeraino. Euskal arbaso balea ehiztarien aztarnetan itzulera sinbolikoa hamabi etapetan eginen dute. Euskaldunek balea ehizatzeari utzi zioten urtearen hirugarren mendeurrenean.

Kirolaz gain, Indianoak 2013k, gauero animazio eta afari tipikoak eskainiz, quebectarrekin harremanen bultzatzea du xede, kultura eta bestaren bitartez ere. Traineruak lotura eginen du XIV. mendean Quebecera iritsi ziren lehen euskaldun arrantzaleen eta gaurko euskal emigranteen artean.

Trainerua pagatzeko, gomitatzen dituzte jendeak ontziaren zati bat sinbolikoki erostera; ondoren Montrealeko Euskal Etxeari oparituko diote, han biziaraz dezaten. Indianoak 2003ren hamargarren urteurrenean berriz ere elkartu dira.

Ez da kirol desafio hutsa

Bestalde, euskal-quebectar harremanak segitu eta garatu nahi dituzte. Musikari, kantari eta sukaldari batzuk arraunlariekin doaz Quebecera. Euskal animazioak antolatuko dituzte traineruaren heltzean. Ibaiko herritarrak bestara gomitatuko dituzte. Euskal elkartearentzat gastronomia funtsezkoa baita, elkartze horiek afari tipiko baten inguruan eginen dira. Herritarrek afariaren prestatzean parte hartzen ahal izanen dute.

Espedizioaren denboran gastronomia trukeak izanen dira eta besta eginen dute quebectarrekin. Traineruaren heltzean, bi sukaldari euskaldunek sukaldatze tailerrak eskainiko dizkiete Saint-Laurent ibaiko herritarrei.

Nahi dutenek euskal errezeta bat prestatuko dute tokiko produktuak baliatuz. Gainera, euskal bixkotxaren sekretuak ikasiko dituzte. Loturak indartzeko, tokiko jendeek afari tipiko bat eginen dute euskaldunentzat. Arratsean denek elkarrekin janen dute eta besta eginen dute musikariek gaualdia alaiturik.

Historia

XIII. eta XIV. mendeetan, arrantzaleak arrantza guneen zabaltzera behartuak izan ziren, baleak desagertzen ari zirelako euskal kostaldean. Atlantikoa zeharkatzen zute iparreko uretan arrantzan aritzeko. Ternua, Labrador, Gaspesie, Saguenay eta Saint-Laurent-eko lehen arrantzale atzerritarrak ziren.

Baleetatik olioa ateratzeko harrizko labeak eraiki zituzten. Horien aztarnak atzemanak izan dira Ile-aux-Basques-en.

BALEA ARRANTZA

XIII. eta XIV. mendeetan, arrantzaleak arrantza guneen zabaltzera behartuak izan ziren, baleak desagertzen ari zirelako euskal kostaldean. Atlantikoa zeharkatzen zuten iparreko uretan arrantzan aritzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo