GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alde Hemendik mugimenduak atzerriko indarrak joatea eskatu du

«Indar okupatzaile guztiak Euskal Herritik joatea» helburu duen Alde Hemendik herri mugimendua aurkeztu zuten atzo Altsasun. Hilaren 15ean nazio mailako mobilizazio eguna antolatu dute hamabost herritan. Euskal herritarrek aske bizi eta izateko duten eskubidea urratzea egozten diete indar polizial eta militar espainol zein frantsesei, eta, hala, ezinbestekotzat jotzen dute atzerriko indar guztiek Euskal Herria uztea.

p017_f02.jpg

Martxelo DIAZ |

«Indar okupatzaile guztiak Euskal Herritik joatea» helburu duen Alde Hemendik herri mugimendua aurkeztu zuten atzo Altsasun. Ekainaren 15ean maila nazionaleko mobilizazioa eguna antolatu dute, 19.30etik aurrera hamabost herritan manifestazio koordinatuak eginez «Alde hemendik, utzi bakean Euskal Herrian» lemapean.

Hain zuzen ere, Agoitz, Altsasu, Bilbo, Durango, Eibar, Elizondo, Galdakao, Gernika, Lekunberri, Laudio, Oñati, Ordizia, Iruñea, Leitza eta Zarautzen izango dira mobilizazioak.

«Gerra egitera eta gure herria zapaltzera etorritako indar militar eta polizialek ez daukate lekurik hemen, soberan daude. Euskal herritarroi aske bizi eta izateko eskubidea etengabe zaigu urratua. Indar armatuengatik jasaten ditugun kontrol, intimidazio eta mehatxuak gure eguneroko ogia dira. Bakera bidean, pauso irmo eta atzeraezinak eman behar direlakoan gaude, baina badirudi batzuek herritarren eskakizun eta nahiei entzungor egiten jarraitu nahi dutela», adierazi zuten Altsasuko frontoian egindako ekitaldian.

Salatzen duten egoeraren isla izan zen atzo bertan Altsasu. PPk «terrorismoaren biktimak» gogoratzeko ekitaldia zuen Iortia kultur etxean, eta, hala, guardia zibil ugari zeuden herrian.

Alde Hemendik mugimenduaren bultzatzaileek nabarmendu zutenez, Euskal Herrian sei polizia daude mila biztanleko. Europako Batasunak, berriz, mila biztanleko bi polizia izatea gomendatzen du.

Euskal Herrian 23.800 polizia eta militar daude, horietatik 9.000 inguru estatu espainol eta frantseseko polizia indarretako kideak. Guardia Zibilak dauka presentzia handiena, 4.800 agente eta 79 kuartel ditu-eta Hego Euskal Herrian, horietatik 52 Nafarroan. Horrekin batera, indar errepresiboen jardueragatik Euskal Herrian 21.230 atxilotu, 474 hildako, 1.158 zauritu eta 9.600 torturatu izan direla ezin da ahaztu, 615 ekintza parapolizialekin batera. Hori dela eta, «indar okupatzaileen presentzia eta kontrolen amaiera lehenbailehen» eman dadila eskatu zuten, baita «bake eta normalizazio politikoko prozesua garatzeko errepresio mota guztiak alboratzea» ere. Horretarako, eskaera zuzena egin zieten erakundeei: estatu espainol eta frantsesetik etorritako indar militar eta polizialek Euskal Herritik alde egitea exijitzea.

Ildo horretan, Gasteizko Parlamentuko gehiengoak indar polizialek Euskal Herria uzteko aldarrikapenarekin bat egiten duela nabarmendu zuten. Estefania Beltran de Heredia EAEko Barne sailburuak berak «Espainiako segurtasun indarrak hemen izateak ez dauka inongo justifikaziorik» esan zuela gogoratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo