GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | LITERATURA KALE GORRIAN

Larrabetzuko Literaturia: irakurlearengan arreta jarrita

Ekainarekin batera Literaturia heldu da Larrabetzura, aurten negu partera aldatu dela dirudien arren. Ekimenak bosgarren urtea du jada, eta igartzen da, atzo bertaratutakoek elkarri egiten zizkioten diosala eta adar-jotzeak kontuan hartuta.

p050_f03.jpg

p050_f04.jpg

Anartz BILBAO

Barikuan «Publikoari gorroto» antzezlanak eta Goienetxe Anaiak taldearen rap kontzertuak abiatu zuen ekimenak zapatuan du egitaraurik osatuena, gaztetxean Jon Benito olerkariarekin batera, eta Anari lagun duela, Bide Ertzean taldeak itxiko duena.

Euskal Herrian zehar han eta hemen arrakasta handia duten literatura klubek Larrabetzun dute hitzordua, idazle zein irakurleak elkar aberats daitezen. Merkatu baino trukerako azoka da Literaturia, bistan da.

Orain hilabete batzuk argitara emandako bost liburu irakurtzeko proposamena luzatu zaio irakurzaleari, gero idazleekin berbetan jarduteko. Hautatutako liburuak hauexek dira: Mariasun Landaren «Inurrien hiztegia» eta Lourdes Oñaederraren «Intemperies (babes bila)» (Erein), Miren Agur Meaberen «Kristalezko begi bat» eta Mikel Tabernaren «Alkasoroko benta» (Susa), eta Garazi Goiaren «Txartel bat (des)herrira» (Elkar). Akuilari lanetan, eta errenkada berean, Miren Ibarluzea irakaslea, Isa Castillo literatura klubetako gidaria, Karmele Jaio eta Harkaitz Zubiri idazleak eta Xabier Mendiguren Elizegi editorea.

Mendiguren eta Ibarluzeak onartu zigutenez, akuilariak beldur ziren bost aukera izanda ez ote zen talderen bat hankamotz geldituko, baina liburu bakoitzak bere taldetxoa egin zuen, eta goizeko hamaiketarako hasi ziren elkarrekin berbetan.

Ibarluzeak gidatu zuen taldeak, esaterako, Sirocco ostatuan hartu zuen aterpea, croissant goxoak mahai gainean zain zituela. Guztira hamar bat lagun ziren bertan, bakarra gizona. Akuilariak prest zuen gidoia, baina «barre eginarazi dizue?» galdezka harrapatu genuen Landak ez zuen akuilaririk behar izan eta irakurle bakoitzari liburuari buruzko begitazioak eskatuz ekin zion berbaldiari.

«Literatura klubetan ez baina irakurleekin solasean aritu izana naiz, talde jendetsuagoetan -aitortu zigun Landak-. Oso eroso sentitu naiz, literaturzale diren lagun batzuekin. Idazlearentzat opari bat da zure lana ezagutu eta ondo ulertu duen irakurlea ezagutu ahal izatea».

Plazan, itzalpean jarri izan ohi den saltokia bi lonjatan egokitu diren liburu dendek ordezkatu dute aurtengoan. Verdes Atxirika deitzen da bata, Ixaka Lopez Mendizabal bestea. Azken horretan, eta besaulki berde eroso batzuetan jarrita, egin zuen berbaldia Castilloren taldeak. Argitaratu berri duen nobelaren izenaren zergatia agertu zuen bertan Oñaederrak, irakurleak -andrazkoak nagusi ziren nabarmen- adi-adi so zituela.

Gainontzeko taldeak Angeluri kultur etxean sakabanatu ziren. Goialdean, liburutegian, Miren Agur Meabek erromantizismotzat hartzen dena hartu zuen ahotan, eta hamar laguneko talde baten aurrean, biografia bat nobelatzeko ez dela ezohiko bizimodu bat behar begitandu zitzaion.

Eraikin berean, beheko solairuan, Zubirik eta Mendigurenek gidatutako taldeak ziren; eguerdi parteko liburu aurkezpen guztiak ere bertan izan ziren. Zubirik Mikel Tabernari eman zion bidea. Iruñean bizi den beratarra gustura zen trukearekin. «Labur gelditu zait denbora -onartu zigun-. Liburua zein asmorekin idatzi nuen adierazi eta ohartu naiz bakoitzak bere irakurketa egin eta gauza bati erreparatzen diola. Aberasgarria gertatu zait». Garazi Goia, bere aldetik, iturri edo ereduez berbetan harrapatu genuen, Doris Lessing eta Sylvia Plath autoreez; eratutako taldeen artean jendetsuena zuen aurrean.

Segurarrak editorea izan zuen lagun, Mendiguren: «Parte hartua naiz horrelako taldeetan, baina beti idazle ere banaizen aldetik. Eta oso interesgarria izan da, jendeak parte hartu du». Elkar etxeko editorearen aburuz, «irakurlearengana heldu nahi du idazleak, komunikazio bat sortu, eta, alde horretatik, bi norabideko bidea egiten da hemen, idazleak gustura hartzen duena. Bere apalean Literaturia festa bat da».

Ekimena 111 Akademiagaz batera antolatu zuen Literaturiak, eta arrakastatsua suertatu da oso, idazleek bukaeran agertu zuten aldarte ona lekuko.

Olerkia eta musika

Irakurle taldeen ostean, eta gaztetxoenek beraiek eta beraientzat propio prestatutako Literaturiatxua aurrera zeramaten bitartean -oraindik ere parte hartzaileagoa, ipuin kontatzaile eta besteren partaidetzarekin- liburu aurkezpenak izan ziren Angulerin, 30 entzule ingururen jakin-mina ase asmoz.

Arratsaldeko egitaraua Ana Isabel Moralesek abiatu zuen, berak itzulia den Charlotte Perkins Gilmanen “Hormako paper horia” (Edo) irakurrita. Dagoeneko okertua zen eguraldia, baina egitaraua erakargarria zen oso, eta jende andana hurbildu zen Larrabetzura. Oier Guillanek “Elkartasun basatia” (Susa) agertu zigun jendaurrean, Rafa Rueda ere prest zen Siroccon bakarka jotzeko.

Gaur itzulpengintzari buruzko mahai inguru batek irekiko du Literaturiaren azken jardunaldia. “Zelan erantzun egun euskal literaturan ditugun beharrizanei?”. Solasaldia Danele Sarriugartek gidatuko du, eta Bakartxo Arrizabalaga (EIZIE), Iñigo Roque (EDO!) eta Joxemari Sestorain (Denonartean) izango dira hizlari. Gero liburu aurkezpenak izango dira berriro, eta, bazkalostean, Baxuko taldearen jarduna.

Iluntze aldera, Josu Bergara eta Pau Alabajos bakarlariek itxiko dute ospakizuna, Hori Bai gaztetxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo