GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Boulderra | Protagonista

Jo Montchausse, Fontainebleauko basoaren «Grand Monsieur»-a

«Bleausard» historiko honek 68 urte ditu, eta oraindik baso famatuan dauden sektoreetan eskalatzen ikus daiteke. Eskalatzeaz eta makina bat bloke zabaltzeaz gain, Montchausse, besteak beste, IBBZ marka entzutetsuaren sortzaile eta hainbat gidaren egile dugu.

p026_f01.jpg

p026_f02.jpg

p026_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Fontainebleauko basoan barreiatuta dauden bloke sektoreen inguruan askotan hitz egin dugu. Eskuarki, sektore ezberdinen aurkezpenak edota kirol ikuspuntutik begiratuta egindako jarduera azpimarragarriak jorratu izan ditugu. Jakina, Fontainebleau berri iturri agortezina da, eta baieztatzeko moduan gaude oraindik ere blokearen Meka horri buruz lerro asko idatziko ditugula.

Alabaina, Fontainebleaura nolabaiteko bisitaldi lasai bat egingo dugu oraingo honetan. Izan ere, arestian aipatutakoak bezalako informazioak alde batera utzita, bertako historian erreferente nagusi izandako pertsona bat ekarriko dugu gurera. Hala eskatu zigun Jean Lefort orriotako lagunak. Lefort bleausard bat da; hots, basoko blokeetatik ia irten ez den eskalatzailea. Bleausard-ek Fontainebleauko eskalada odolean daramate, eta, horregatik, gure lagunak Jo Montchausseren figurara hurbiltzeko eskatu digu.

Lefortek zein bleausard guztiek ondo baino hobeto ezagutzen dute lerrootara dakarkizuegun eskalatzaile historikoa. Den-denek honela definitzen dute Montchausse: «Le Grand Monsieur des blocs de la Forêt de Fontainebelau». Egun 68 urte ditu, baina, berez, basoko blokeetan eskalatzen oso berandu hasi zen: 30 urterekin. Berandu hasi bai, baina beti erabat sustraiturik izan da basora. «Nire lehen semea jaio aurretik eskalatzen hasi nintzen. Garai haietan 30 urte nituen. Kide batek behin eta berriz basora joateko animatzen ninduen. Azkenean, Bas Cuvier sektorera joan nintzen egun batean. Erabat maitemindu nintzen, eta nire familiaren bizitza sakonki aldatu zen», dio Montchaussek.

Basora bizitzera joan zen, eta, ordutik pasa diren hamarkada hauetan, ia bertatik atera gabe bizi izan da. Izan ere, hainbat lesiok bakarrik utzi dute basotik «kanpo»; hala, aurreratu dugun bezala, Fontainebleau eta Montchausse beti elkarri lotuta izan dira. Gure protagonistaren ibilbideak hainbat zutabe ditu, eta horietako bat blokeen sormenean zentratu da: «Eskalatzeaz gain, egun erreferenteak diren makina bat bloke asmatu ditut. Eskalada eta sormen-lana elkarrekin doaz. Bloke batzuk aipatuko ditut: Graviton, Toit du Cul de Chien, Aerodynamite, Zen... Horietako batzuetan Jacky Godoffe, Eddy Boucher edo nire seme Marcen laguntza izan dut. Anekdota bezala kontatu behar dut Gros Knee Bars zabaltzen ari ginenean, John Sherman eskalatzaile estatubatuarrarekin egin genuela topo. `Hueco Tanks' gidaren sortzaile eta amerikarren blokeko graduazioaren asmatzaile dugu. Bada, hark asko lagundu zigun lehen aipatutako blokearen korapiloa askatzen».

XX. mendeko 80ko eta 90eko hamarkadak bereziak izan ziren oso. Fontainebleauko basoan jarduten zutenek zailtasunaren «deia» erabat barneratuta zuten. Horrelakoetan ohikoa izaten den bezala, gero eta bloke zailagoak zabaltzen hasi ziren: «Garai haiek historiaurrekoak dira. Ez Internetik, ez smartphone-rik, ez bideorik, ez koltxonetarik, ez eskalatzaile profesionalik... Gure arteko `borrokek' ez zuten helburu jakinik, ez zegoen horren kontzientziarik, eta ez zuten kirol marketinik bilatzen. Gure arteko `liskarrak' beroak ziren, baina, era berean, leialak. Tribu baten ordezkarien parekoak ginen, eta marra berri eta ederrak bilatzen jarduten genuen».

Eskalatzeaz eta blokeak asmatzeaz gain, Montchausseren ibilbideak «produkzioaren» norabidea hartu zuen. Besteak beste, bere sinadura utzi zuen crash-pad edo koltxonetarekin eta IBBZ marka ezagunaren produktuekin: «Nire familia beti izan da oso aktiboa; eskulanetan oso iaioak izan gara. Horrela bada, blokearekin lotutako produktuak asmatzen jardun dugu. 1995. urtean lehen koltxoneta diseinatu nuenean, ohartu nintzen urrats bat eman nuela blokearen praktikan. Basoa beti izan da berrikuntzen gune berezia, eta, hala, bide berriak zabaltzea otu zitzaigun. Emaztea eta biok ekonomia eta kudeaketa gaietan adituak ginen, eta horregatik, azkenean, IBBZ marka martxan jarri genuen».

Hori guztia gutxi izango ez balitz, orriotako protagonistak beste arlo batean ere egin du lan eskerga: giden argitalpenean. Fontainebleaura joan eta hango gida bat erosi duen edonork egin du topo Montchausseren ekarpenarekin: «Hors pistes», «Escalade a Fontainebleau»... Besteak beste, sona handia izan duten zirkuituak edota sektore entzutetsuenak jasotzen dituzte gidok. Hori bai, Montchaussek eta bere kideek eskaintza oso zabala plazaratu dute, orotariko lanekin.

Argi eta garbi dago protagonista honek Fontainebleauren historian lerro ederrak idatzi dituela; beste era batera esanda, basoko zutabe nagusietarikoa izan da. Eta izaten jarraitu nahi du.

Nahiz eta garai ezberdinak bizi izan dituen, Montchausse pozik da egun basoko sektoreetan zein blokeetan ikusten ari denarekin: «Mundu osoko eskalatzaileak etortzen dira, eta hori ikaragarri ederra da. Fontainebleauko eskalada kalitate handikoa da, eta, jakina, horri ezin zaio muzin egin. Badira jende gehiegi dagoela diotenak. Nik uste dut gure kultura babestu behar dugula, egiten duguna errespetu osoz egin behar dugula. Bizitako eskarmentua uste sendoekin helarazi behar diete bleausard-ek bisitariei. Fontainebleau ez da naturan dagoen boulder areto bat. Eskubide osoa dugu eskalatzeko. Baina, era berean, ardura osoz eskalatu behar dugu; besteak beste, blokeen izaera eta errealitatea aldatu gabe».

Azken gai horren inguruan, basoa gehiago babestearen aldeko aldarrikapenak egiten ari dira azkenaldian. Hor dago, adibidez, Parke Nazionalaren egitasmoa: «Xede ederra da, baina uste dut oro har basoa oso babestuta dagoela. Eskaladaren eta blokeen babes neurri eraginkorrena honakoa da: norberak zein komunitateak arduraz jardutea».

Historikoa

Fontainebleauko zutabe nagusietariko bat dugu Jo Montchausse. Basoa 30 urterekin ezagutu zuen, eta, ordutik, ia ez da bertatik atera.

Aktiboa

Eskalatzeaz eta bloke berriak asmatzeaz gain, Montchausse IBBZ marka sonatuaren sortzailea eta hainbat gidaren egilea ere badugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo