GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Gazteak

Erasunek eta Otañok ere ez dute hutsik egin

J.L.

Ander Erasun eta Eneko Otaño ziren 23 eta 18 urtez azpikoen artean txapela irabazteko bi faboritoak, eta Aurtizkoak eta Beizamakoak ez zuten hutsik egin, biek lortu baitzuten garaipena.

23 urtez azpikoan, bost lan ezberdin egin behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta horietako lau bereganatu zituen Erasunek, eta, horrekin batera, baita txapela ere.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren hasteko, eta Anderrek 47an amaitu zuen lana, bi segundoko tartea lortuz. Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hori ere Erasunentzat izan zen. 1.35 izan zen bere denbora, eta 30 segundo gehiago sartu zizkion Julen Kañamaresi.

Hirugarren proba, ordea, Aroztegikoak irabazi zuen. 60 ontzako enborra ebakitzen 2 minutu eta 42 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta bi segundo laburtu zuen aurka zuen aldea.

Laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zuten, eta Erasunek bere lana 2 minutu eta 45 segundoan burutu zuen, eta Kañamaresek, berriz, 3 minutu eta segundo batean. Azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta txapeldunak 16 minutu eta 29 segundoan amaitu zuen, eta Kañamaresek, berriz, 18 minutu eta 3 segundoan. Lan guztiak burutzeko, 24 minutu eta 20 segundo behar izan zituen Erasunek, eta 26 minutu eta 40 segundo, berriz, Julen Kañamaresek.

18 urtez azpikoan, Eneko Otañok jantzi zuen txapela. Hiru proba egin behar izan zituzten, eta horietako bi bereganatu zituen Beizamakoak. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen lehen proba, eta Larreak irabazi zuen. 40an amaitu zuen lana, hiru gehiago behar izan zituen Otañok, zazpi gehiago Vicentek, eta hamar gehiago Kañamares IV.ak.

Bigarren saioan kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta 2.15 izan zen Otañoren denbora. 2.18 izan zen Vicenteren denbora, 3.06 Kañamaresena eta 3.09 Larrearena. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta 8.19 izan zen Otañoren denbora, 9.44 Vicente II.arena, 10.20 Larrea III.arena, eta 11.57 Kañamares IV.arena. Denera, 11.17 izan zen Eneko Otañoren denbora, 12.49 Iker Vicenterena, 14.09 Larrearena, eta 15.53 Kañamares IV.arena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo