Udal zorraren erdia aurreratzeko eskatu dio Urduñak Aldundiari
Urduñako Udalaren bideragarritasun planak Aduana eraikina saltzea aurreikusten du, baldin eta herritarrei galdeketa eginda alde azaltzen badira, prezio «justu» batean eta hitzarmen baten arabera; Aldundiak zorraren erdia aurreratzea eta eraikina saldutakoan itzultzea da asmoa.
Nerea GOTI | BILBO
Bizkaiko Foru Aldundiak mahai gainean duen Urduñako Udalaren bideragarritasun planaren gaineko xehetasunak azaldu zituen atzo Carlos Arranz alkateak Bilboko Batzar Nagusietako egoitzan. Esan zuenez, Urduñako Udalaren arazo nagusia duen zor handia da, eta datu bat eman zuen arazoaren tamaina agertzeko: «Bizkaiko udalen batez besteko zorpetze maila %20koa bada, Urduñakoa %76koa da».
Errealitate horretatik abiatuta, «udal zerbitzuak mantentzeko premiazkoa da zorra erdira txikitzea», nabarmendu zuen Arranzek, eta hori lortzeko, Diputazioaren inplikazio zuzena eskatzen dute, honek hitzarmen bat sinatuta. Horregatik, Aldundiaren azken enbidoa jaso du Udalak eta Aduana eraikin historikoa saltzea aztertu du. Halere, egitekotan ez du edozein modutan egingo. Arranzek azaldu zuenez, lehenengo eta behin, herritarrek erabakiko dute kontsulta batean eraikin hori saldu behar den ala ez. Herritarren gehiengoa saltzearen alde azaltzen bada, ondare horren prezioak legediaren araberakoa izan behar duela esan zuen. «Udal higiezinen prezio justua finkatzen duen Herri-administrazioen Ondarearen Legea» bete behar dela argitu zuen, eta agindu duten txosten teknikoaren arabera, 7,9 milioi eurokoa da eraikinaren eta orubearen egungo prezioa.
Lankidetza hitzarmena
Ostiralean aurkeztu zuten bideragarritasun planak ezinbesteko baldintza bat ezartzen du: Aldundiarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea, honek zorraren erdia ordaintzeko dirua aurreratu diezaion Udalari eta honek Aduana saldutakoan dirua Aldundiari itzultzeko.
Bideragarritasun plan hau osatu arte Udalak hartu dituen neurrien berri ere eman zuen Arranzek. Zehaztu zuenez, udal gastua urtean milioi bat euroan murriztu da ahalegin gogorra eginda. Zorra (5,4 milioikoa) erdira jaistearen beharraz ohartarazita, 2008an egin zuen bezala, Urduñederra sozietate publikoaren akzioak eros zitzala eskatu zion Udalak Diputazioari, baina gogorarazi zuenez, honek ezezkoa eman zuen, neurria «irrealista» zela esanez.
Gerora, egoera larrian dauden udalentzako laguntzak iragarri zituen foru administrazioak, Urduñak espero zuen «aukera» zela esanez. «Neurriak eskasak zirela ohartarazi genuen, zorra murrizteko Urduñak gehienez 250.000 euro baino ez zuelako lortuko, 3 milioi euro behar izanda». Gehitu zuenez, laguntza ez zen zuzena, baizik eta lehian lortzekoa eta orduan gerta liteke dirurik ez eskuratzea.
Urduñak ez du Oreka eta Egonkortasun Legea betetzen, eta horrek Diputazioa neurriak hartzera behartzen duela esan zuen Arranzek. «Orain Aldundiaren txanda da. Gure aldetik, oinarrizko zerbitzuak bermatzen dituen sektore publikoaren aldeko konpromisoa indartzen dugu», adierazi zuen.