GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Ukronia

Bada denbora sinkronikoa eta diakronikoa. Joateko denbora bat eta itzultzeko beste bat. Baina iragandako denbora ez da gehiago itzultzen eta imajinatzen ari naiz denbora kontatzeari utzi dion deportatuarentzat zer ote den denbora

Adituek diote bi denbora ezberdin daudela. Bata psikologikoa (edo subjektiboa) litzateke eta sentsazioz betea legoke; batzuetan azkar eta bestetan motel doala iruditzen zaiguna, adibidez. Iraganean edo geroan deklinatzen da denbora hau. Bestea denbora objektiboa (edo fisikoa) litzateke, eta gertaera nahiz sekuentzia etengabeez osatua legoke; hemen iraganak edo geroak ez luke zentzurik, orainak baizik, unean bertan gertatzen ari denak. Beraz, alde batetik nahiko genukeen denbora hori legoke, gure nahien araberakoa, guk geuk proiektatutakoa, eta bestetik, nolabait, errealitateak markatzen duen denbora, kanpotiko gertaerek inposatutakoa. Bata zein bestea ezberdinak izan arren, idealena bata bestearen osagarri izatea litzateke, baina sarri kanpotiko gertaera edo prozesu hauek zehazten dute gure denbora psikologikoa ere. Horrela, gaina hartu eta iraganak kateatu egiten gaitu anitzetan, geroak kezkatu eta orainak ihes egin. Aldi berean, baina, denborak iragan hori finkatzen ere lagundu egiten du, oraina barneratu eta etorkizuna pentsatzeko beta ere ematen du.

Denborak baditu, hala ere, beste hamaika adiera. Denborarekin zauriak ixten direla esaten da, baina denbora bera zauri bilakatzen hasten denean zerbait ondo ez doan seinale izaten da, denboraren nozioa ez baita berdina izaten denbora hori erabili edo jasan egiten duenarentzat. Lehenarentzat putzu bat izan daiteke denbora, bigarrenarentzat, ordea, laku handi bat.

Denboraren benetako dimentsioa zein den galdetzen diodanean neure buruari, denborak hamarkadotan izan dituen tolesdurak eta urradurak etortzen zaizkit gogora. Denboraren joanak ere bai, baina batez ere denboraren korapiloak, giza gorputzeko tumoreak legez, denbora koagulatzen duten korapilo sarri horiek. Abian den gure herriaren denbora bezala. Eginahalak eta bi egingo baitituzte erloju guztiak geldiarazteko. Denbora fisiko hori erabiliko dute herri honen denbora psikologikoa gauza ez dadin. Herriari denbora galaraziko diote beraiek denbora irabaz dezaten. Denbora objektiboarekin irabazten duten egun bakoitza herri honentzat egun bat gutxiago izango delakoan.

Denboraren tempusa ez da batere erraza neurtzen, baina zehatza den denbora errazago harrapatzen dugu, era batera edo bestera sentitu nahiz pairatu egiten baita denbora horren eragina. Edo bestela egin dezagun ariketa. Zer da denbora kartzelan? Zeren itxura du denborak ez-lekuan? Nola egiten diote aurre denboraren zain daudenek? Zer kentzen eta zer ematen du denborak? Edo zenbat denbora irauten du optimismoak? Eta esperantzak? Nola optimizatu daiteke denbora hori?

Denbora lagunik hoberena edo etsairik handiena izan daiteke. Bada denbora bat ereiteko eta uzta jasotzeko beste bat, Axularrek esan bezala. Bada denbora sinkronikoa eta diakronikoa. Joateko denbora bat eta itzultzeko beste bat. Baina iragandako denbora ez da gehiago itzultzen eta imajinatzen ari naiz denbora kontatzeari utzi dion deportatuarentzat zer ote den denbora. Nola deklinatzen ote duen ez-denbora hori. Baina ezinezkoa zait.

Gaur-gaurkoz, erbestearen ukroniarekin amaitu gabe ez dago etorkizunik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo