GARA > Idatzia > Euskal Herria

Castejongo zentral bat legez kanpokoa dela berretsi dute epaileek hirugarren aldiz

Hidrocantabrico enpresak Castejonen duen zentral termiko bat legez kanpokoa dela berretsi dute epaileek hirugarren aldiz. Hala ere, Sustrai Erakuntzak eta + Centrales No plataformak salatu zutenez, zentral hau martxan da 2007. urtetik.

GARA | MADRIL

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Industria Ministerio espainolak Hidrocantabrico enpresak Castejonen duen ziklo konbinatuko zentral termikoetako bat eraikitzeko hartutako erabakia , Sustrai Erakuntza fundazioak atzo jakinarazi zuenez.

Epaileek nabarmendu dutenez, Hidrocantabricok zentrala herritik 500 metrora eraiki zuen, nahiz eta legeak gutxienez 2.000 metroko tartea izan behar dela argi eta garbi adierazten duen. Nafarroan arau hori ez zegoela kontuan izan beharrik argudiatu zuen enpresak, baina epaileek atzera bota dute asmo hori.

Sustrai Erakuntzak eta Erriberako + Centrales No plataformak ohar batean nabarmendu zutenez, Madrilen emandako epai hau Castejongo zentral honen kontrako hirugarrena da, aldez aurretik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Epaitegi Gorenak plazaratu zituztenen ondotik.

«Hala eta guztiz ere, inork gutxik ulertzen badu ere, eta epaitegietan lorturiko garaipenen gainetik, zentral hau legearen aurka martxan da 2007tik», salatu zuten bi taldeek.

Epaietako bat Auzitegi Gorenarena izanik eta horren kontra helegiterik aurkezterik ez badago ere, Hidrocantabricok Castejongo zentral hau martxan jartzea erabaki zuela salatu zuten Sustrai Erakuntzak eta + Centrales No plataformak.

«Zenbat epai gehiago behar izango ditugu behin betiko inoiz martxan jarri behar ez zen zentral bat gelditzeko?», galdetu zuten.

Honekin batera, Castejongo zentral hau eraikitzeko eta lanean hasteko Nafarroako Gobernuak zein Gobernu espainolak emandako baimen administratibo guztiak epaitegiek indargabetu dituztela gogorarazi zuten bi taldeek.

parlamentuan

Sustrai Erakuntza eta zentralen aurkako Erriberako plataforma Nafarroako Parlamentuan izango dira gaur Castejongo zentral termikoen aferaz aritzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo