Baztarrikak hizkuntza-eskakizunak mantendu behar direla defendatu du
Sailburuordearen esanetan, hizkuntza-eskakizunak mantendu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan euskararen eta gaztelaniaren erabilpena parekatzeko. Patxi Baztarrikak sistema horrek ez dituela Lakuako langileen eskubideak urratzen adierazi zuen.
Ion SALGADO | GASTEIZ
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, Lakuako Gobernuaren menpe dauden erakunde publikoetan hizkuntza-eskakizunak mantendu behar direla nabarmendu zuen atzo. Azaldu zuenez, aipatutako sistema, bere iritziz «guztiz beharrezkoa» dena, garatu behar da Hego Euskal Herriko hizkuntza ofizialen -euskara eta gaztelania- egoerak orekatuagoak izan da daitezen.
Patxi Baztarrika «Hizkuntza-eskakizunei buruzko azterketa kualitatiboa» azaldu zuen Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordearen aurrean, eta Lakuak ez dituela eskakizunak «inposatzen» defendatu zuen. Halaber, EAJk martxan jarritako politikak gaztelaniaz hitz egiten duten langileen eskubideak ez dituela zapaltzen adierazi zuen. Zentzu horretan, gaur egun administrazioa osatzen duten langileen %4,35ek ez dutela Gobernuak eskatzen duen euskara maila dutela frogatu gogorarazi zuen.
Sailburuordeak hizkuntza-eskakizunak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 1986an ontzat eman zituenak, euskaldunen eskubideak bermatzeko eta administrazioaren barnean euskara zabaltzeko sortu zirela oroitarazi zuen. «Gizarteak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa, herri honen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, elebiduna izatea nahi du», adierazi zuen.
Aipatutako elebitasuna lortzeko martxan jarri diren neurriak eraginkorrak diren ikusteko, Lakuak 2012an azterketa kualitatibo bat egiteko eskatu zion Siadecori. Ikerketa horretan, enpresak 76 langile eta 26 hizkuntz teknikari elkarrizketatu zituen. Azken hauek gogor kritikatu zuten euskara bermatzeko erabiltzen den sistema.
Horien iritziz, Lakuak eskatzen dituen hizkuntza-eskakizunak eta lanpostuaren beharrak ez datoz bat beti. Arazo hori konpontze aldera, teknikariek eskakizunek «misto edo asimetrikoak» izan behar dutela esaten dute. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek lagunduta, Patxi Baztarrikak azaldu zuen bezala, teknikariek ere langileen euskara maila etengabe hobetzea proposatzen dute, «pixkanaka hizkuntza-eskakizunak gaindituz».
Bukatzeko, sailburuordeak Lakuako langileek hizkuntza-eskakizunen sistemaren ezarpena normaltasunez bizi dutela baieztatu zuen.
Patxi Baztarrikak EAEn dagoen «anomalia bakarra» euskara administrazioan lan hizkuntza ez izatea dela erantzun zien PPko eta UPyDko ordezkariei.