GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier IZAGA Kazetaria

Aspaldiko kontuak

Urte asko dira Ondarroan Afrikako zenbait lagun, berbereak eta beltzak, euskaraz egiten ikusi nituela. Harrezkeroztik, gero eta gehiago ikusi izan ditut, Ondarroan eta beste leku askotan. Ezagutzen dut pakistandar bat astetik astera harritu egiten nauena. Orain aspaldi ez dela «arratsalde on, zer moduz, nahi duzu lore bat?», errepikatzen zuen. Hurrengo astean pare bat hitz gehituko zion bere esaldiari eta, luze gabe, ezezko erantzunari eragozpenen bat jarriko zion. Beti ere euskaraz. Egun, euskarazko solasari txukun eusteko gai da. Eta Ondarroan, Azpeitian edo Lesakan barik, Gasteizen.

Ondarroan Afrikako zenbait lagun, berbereak eta beltzak, euskaraz egiten hasiak zirenean, euskal Administrazioa euskalduntzen hasi zen. Eta atzo Lakuako Gobernuko ordezkariek funtzionarioen hizkuntz eskakizunei eusteko asmoa agertu zuten. «Guztiz beharrezkoa» omen delako. Bide batez, ziurtatu zuten ez dagoela hizkuntz inposiziorik edo eskubide zapaldurik.

Hori ez da egia, ordea. Jakina, Lakuako ordezkariak ez ziren hizkuntz politika eskasa iruditzen zaigunon protestaz ari, Administrazioa euskalduntzea gehiegizkoa iruditzen zaienen haserreaz baizik. Horiek hizkuntz inposiziorik eta eskubide zapalketarik ez dagoela konbentzitu beharra sumatzen dute. Gu ez gaituzte konbentzitu behar, nonbait. Konbentzitu beharreko horietako asko, gainera, euskara ikastea -liberatuta eta eskolak ordainduta- inposizioa dela uste duten funtzionarioak dira. Ingelesa edo txinera ikasi beharko balute, burua altxatzeko betarik izango ez luketen horietakoak. Alemanian alemana ziztuan ikasiko luketenak. Nire lagun pakistandarrak -Ondarroan, Azpeitian edo Lesakan barik- Gasteizen euskara bezain bizkor.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo