GARA > Idatzia > Kultura

Surfilm festibala hondar eskasiaz eta petrolioaren mehatxuez ariko da «Olatu garbiak» sailarekin

Surfilm festibalaren 11. edizioan, «Olatu garbiak» sailean, NY Smash jaialdiko film laburrak eta «Sand wars» eta «Groundswell» dokumentalak ikusteko aukera izango da, bihar eta etzi, Donostiako Aquariumen.

p046_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Harea baliabide amaigabea al da? Egun dagoen erreserba nahikoa izango al da eraikuntzaren neurrigabeko aroak eragindako beharrak asetzeko? Horiexek izango dira bihar Surfilm festibalean proiektatuko den «Sand wars» pelikulak luzatuko dituen galderak. Denis Delestrac frantziarrak zuzenduta, 20.30ean proiektatuko da Donostiako Aquariumen, «Olatu garbiak» sailaren baitan.

Aurretik, 19.00etan hasita, NY Smash zinema jaialdiko film laburren bilduma ikusteko aukera izango da. Film guztiak, zazpi guztira, Ameriketako Estatu Batuetan ekoitziak dira.

Ostegunean, «Fuck up nights» proiektua ezagutzeko aukera izango da 19.30etik aurrera. Oscar Bilbao (Herederos de Rowan), Aritz Kabe (NoColor Estudio) eta Sergio Monterio (Espacio por favor) izango dira Aquariumen, eta arrakastara bidean porrot egin duten zenbait proiekturen berri emango dute. «Porrotari buruzko istorioak partekatzea eta horietatik ikastea merezi duela uste dugu», azaldu zuten antolatzaileek.

«Fuck up nights» Mexikon sortu zen eta hilabeteko lehenengo ostegunetan biltzen dira. Donostian, hiru istorio entzuteko aukera izango da, bakoitza 6.40 minutukoa.

Fuerteventurako Clean Ocean Project elkartea ezagutzeko aukera izango da ondoren, 20.30etik aurrera. 2002az geroztik, hondartzak garbitzeko saioak antolatzen dituen elkartea da eta dagoeneko zabor tona ugari bildu dituzte. Bestelako helburu bat ere badute azken urteotan: Kanarietan kokatu nahi dituzten petrolio plataformen instalazioak geldiaraztea.

Juanjo Gonzalez Truebak «Olatuak babesteko adierazpena» aurkeztuko du segidan. Europako doktorea da Geografian, baita Kantabriako Surf Federazioko Ingurumen Saileko arduraduna ere. Aurkeztuko duen adierazpenean, urautsien balioa azaltzeko eta horiek ondare eta baliabide natural eta kultural gisa zaintzeko beharra aldarrikatzen du.

Bukatzeko, «Groundswell» dokumentala proiektatuko da. Chris Malloy estatubatuarrarena da eta Donostiakoa Europa mailako estreinaldia izango da. Film honek Kanadako British Columbia kostalde basatian egindako surf trip bat kontatzen du. Kostalde hori petrolioa erauzteko hodi bat jartzeko proiektuaren mehatxupean dago gaur egun. Malloy eta Raincoast Conservation Foundation-en arteko elkarlana da.

Surfa ardatz duen jaialdiak Antzoki Zaharrean izango du jarraipena ostiraletik aurrera. Bertan ikusi ahal izango dira edizio honetako filmak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo