Euskaldunon berri ematen duen 20 mendeko hilarria aurkitu dute
«Euskara jendea» dokumental sortaren egileek Euskal Herriaren zein euskararen historiarako berebiziko garrantzia duen Mocconio Vero tribunoaren hilobi-harria aurkitu dute Saint-Deniseko biltegi batean. Oiasso Museoko zuzendari Mertxe Urteagaren ustez, barduliarrak eta baskoiak Erromatar Inperioan txertatuta zeudela frogatuko luke.
Alvaro HILARIO | BILBO
Euskal Herriaren eta euskararen historiarako garrantzi handia daukan Caius Mocconius Verus tribunoaren hilobi-harria -hobeto esanda, haren irudia- aurkeztu zuten atzo, Bilboko Kafe Antzokian, Zenbat Gara eta Ibaizabal-Mendebalde kultur elkarteek bultzatutako «Euskara jendea» dokumental sortaren egileek eta Oiasso Erromatar Museoko zuzendari eta arkeologo Mertxe Urteagak.
I. edo II. mendeko hilarriko inskripzioak tribunoak, Leongo VII legioan zegoelarik, egindako 24 hiri baskoi eta barduliarren erroldaren berri ematen du. Testua euskal historiografian erabilia bazen ere, ezezaguna zen bere kokalekua dokumentalista talde honek Louvre museoak Saint-Denisen daukan biltegian aurkitu zuen arte.
Mertxe Urteagaren esanetan, «arkeologiaren arkeologia» egin du lantaldeak.
Garrantzi handikoa
Izen bereko Xamarren liburua abiapuntu duen «Euskara jendea» dokumental sortak euskararen eta hiztun komunitatearen historiara gerturatu nahi gaitu, Koldo Mitxelenaren teoria ezaguna («Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria») kontuan hartuz.
Erromatarren Inperioari dagokion bigarren atala egiten ari zirela, inskripzioaren berri eman zien Mertxe Urteaga arkeologoak, baina, denen harridurarako, harriaren irudirik ezin izan zuten topatu.
Azkenean, itzelezko ikerketa eginez, Louvrek XIX. mendean erosi zuela jakin zuten, eta egun museoak Saint-Denisen daukan biltegi batean dagoela aurkitu zuten. Beharrezkoak zituzten izapideak egindakoan, bertara joan ziren hilobi-harriaren irudiak hartzeko.
Inskripzioan Mocconio Verok, VII legioan zegoela, politika mailan egindakoak (curriculuma bailitzan) daude, hala nola, barduliarren eta baskoien erroldatutako 24 hiriak.
Mertxe Urteagak azaldu zuenez, Inperioaren garaian lurraldea hiriaren inguruan zegoen antolatuta, eta hiriak beraiek errepidez lotuta zeuden. Erroldak gaurkoak bezalako behar administratiboetan (zergak, esaterako) lagungarri izateko helburua zuen. Gauzak horrela, Urteagaren esanetan, inskripzioak adierazten duenez, «barduliarrak eta baskoiak erabat txertatuta zeuden erromatar antolamenduan». Honek alboratuko luke, besteak beste, euskararen iraupenaren sekretua mendetako euskaldunen isolamenduan datzalako teoria.
Bestalde, Mocconio Verok erroldatutako 24 hiri horiek Ptolomeok bere «Geografian» aipatzen dituen berberak lirateke. Horien artean, Toulonion (Dulantzi), Grakouris (Alfaro), Mouskaria (Tutera), Kaskonton (Cascante), Gebala (Gebara), Alba (Durruma/ San Roman), Andelos (Mendigorria), Iakka (Jaka), Itourissa (Aurizberri), Oiasso (Irun) eta Pompaelo (Iruñea) ditugu.
Arkeologiari dagokionez, oso egoera onean dagoen harriak garrantzi handia dauka eta ez dago herrien izenik ematen duen besterik.
«Euskara jendea» dokumental sortaren egileen aburuz, euskaldunontzako objektu baliotsua da hilarria eta museo batean egon beharko luke ikusgai; beren esanetan, Irungo Oiasso Erromatar Museoa da dagokion tokia. Abiarazi dituzte, beraz, hilobi-harria Euskal Herrira ekartzeko negoziazioak.
Hilobi-harriko testua euskal historiografian erabilia izan den arren, ezezaguna zen bere egungo kokalekua. Itzelezko ikerketak eginez, XIX. mendean Louvrek erosi zuela eta egun museoak Saint-Denisen duen biltegian dagoela jakin zuten.
Harriak euskararen historiarako garrantzi handia dauka, mende haietan euskaldunak bakarturik eta isolaturik ez zirela bizi frogatuko lukeelako. Mitoa, beraz, euskaldunok sortua eta luzaroan elikatua da.