GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

San Mameseko ametsak ez dituzte eraitsiko

San Mames zaharra, San Mames handia, Bizkaiko eta Euskal Herriko futbolaren historiaren zati handi bat, lurrera botatzen hasiko dira gaur, baina ez da lurpean geratuko, ez historia horri distira eman dioten futbol taldea eta haren zaleek amesten jarraitzen duten artean. Amesten eta ametsak egia bihurtzen. Bart Bilbon sentimendu kontrajarriak bildu zituen festa hunkigarriak futbol partidua eskaini zuen eta, espero izatekoa zen legez, erraz gailendu zen zelai horren atal bereizezina izan den taldea: Athleticen jarraitzaileak; oro har, nola edo hala Bilboko eta Euskal Herriko futbolaren balentriak ospatu eta erorikoak deitoratu izan dituzten guztiak.

Ikur baten desagerpena da batez ere athletic-zaleentzat -atxikimendu eta sentimendu hurbilagoak bizi izan dituzte-eta-, baina baita euskal futbolaren eta kirolaren munduarentzat ere. Edonola ere, San Mames sinbolo bat baino gehiago izan da, neurri handian euskal futbolaren azken ehun urteetako -eta, beraz, betiko- egoitza nagusia izan denez gero; garaipen handien eta momentu mingotsen agertokia; kirola, kultura eta herri honen aldarrikapenak batu izan dituena. Eta beti ere amets zuri-gorrien etxea. Gaur San Mamesen harmailak, egitura, eraitsi egingo dute, baina bertan pilatutako ametsek iraun egingo dute, alboko etxean, egia noiz bihurtuko zain. Adiorik ez, San Mames.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo