Mikel Zubimendi Kazetaria
Bee egitetik orro egitera
Nasrudin tradizio herritar sufiaren Mula (hots, maisua) mitiko bat da. Haren istorio, ipuin, pasadizo eta abenturek, itxuraz absurdo eta zentzugabe, hausnarketarako eta bizitzaren ulermenerako irakaspen asko eskaintzen dituzte. Nik neuk, erdi txantxetan erdi serio, sarri erabiltzen dut bat: zenbat urte ditudan galdetzen didatenean, hogeita hamahiru erantzuten dut. «Baina hori bera erantzun zenidan galdetu nizun azken aldian, duela ez dakit zenbat urte!» aurpegiratzean, «bai, beti mantentzen dut nire hitza, koherentea naiz» esanez gustura geratzen naiz, bai. Eta mintzakidea desgustura gelditzen bada, ba sufia ez den hiruko erregela bat egitera gonbidatzen dut, hots, hogeita hamahiru urte segundo bat bezala pasa zaizkidala, tope-topera biziz, eta hiru segundo biziko banintz ea zenbat urterekin hilko naizen kalkulatzera. Eta hortik kontuak eta irakasgaiak ateratzera.
Atzo, lagun batekin Euskal Herriaz mintzo, ipuin sufi bat ekarri zidan elkarrizketara. Azkar-azkar kontatuta, ba omen zen lehoi-eme bat, gosea asetzearren artaldeari erasotzean erditze espontaneo bat izan eta hil zena. Haren kumea artzainak jaso eta ardi esnea edanez hazi zen. Bee eginez ardiak legez bizi zen lehoi hura, harik eta lehoi ar batek ikusi, ardia ehizatu eta jatera behartu zuen arte. Odolaren usaina eta haragiaren gozoak bere sena bizkortu eta lehoi arrarekin bizitzera joan zen. Honen amorraziorako, baina, oraindik ere bee egiten zuen harik eta egun batez, ia oharkabean, barne-barnetik lehoi orro ozen bat bota zuen arte. Orduan jabetu zen bere nortasunaz, bere egiazko natura eta ahalmenez. Sufiek diote pertsonek, herriek, arazo bera dutela: ardiak bezala bizi garela lehoiak garela jakiteke.
Lagunak ziostan uda betean basoa nola, hala sumatzen zuela Euskal Herria, lehor-lehorra. Ispiluan itsusi ikusi bere burua eta kulpak ispiluari (politikariei, enpresariei, estatuei...) leporatuz. Baina txinpart bat aski zela sute ikaragarria sortzeko eta badela garaia -eta badirela baldintzak- euskaldunok gure superprodukzioari ekiteko, herri subirano baten ideiari erliebea emateko. Horizontea urruti eta asmamena erne, barru-barruko gure orroa ozen ateratzeko. Gustura, oso gustura utzi ninduen, bai.