GARA > Idatzia > Euskal Herria

494 herritarrek AHT egitasmoa oztopatzeko bi lur eremu erosi dituzte

Mugerre eta Hiriburu artean dira orotara 860 metro karratuko bi lur eremuak. AHTren ibilbide erdian kokatuak izateaz gain, horiek saltzeko jabe guztien baimena behar izanen dute. Hala, CADEk AHTren sustatzaileen lana trabatu nahi du, lurrak desjabetzera behartuta.

p021_f01.jpg

Ainize BUTRON | DONOSTIA

Hiru urtez, isilpean, aritu da CADE ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboa, AHT egitasmoaren aurkako «sabotaje operazioa» lantzen. 2010eko abenduaren 27an, 494 herritarrek partekatu ezinezko bi lur eremu erosi zituzten. Ekintza ezkutuan atxiki dute orain arte eta atzo eman zuen CADEk horren berri, Baionan.

Guztira, Mugerre eta Hiriburu artean kokatuak diren eta bi zatitan banatuak diren 860 metro karratu lur erosi dituzte (410 metro ditu sail batek eta 450 besteak). «Denak dira guztiaren jabe eta saltzeko denek baimena eman behar dute», argitu zuen Victor Pachon CADEko arduradunak. Horrenbestez, duela hiru urte, egitasmoaren bultzatzailea den RFFren (burdinbide sarearen enpresa kudeatzailea) «zuhurtzia faltari» esker, AHT linea berriaren trazatuko lurrak eskuratu zituen CADEk.

«Trazatua bagenuen, baina ez zen zehatza. Erru bat izateko arriskua bagenuen. Baina, ez, trazatuaren erdian erosi ditugu lurrak!», adierazi zuen Pachonek pozik jukutria bururaino eraman ahal izan dutelako.

Horretaz gain, nekazaritzarako lurrak saldu aurretik erosten dituen Safer egiturak gertakariaren berri ez izateko, lurra bi eremu txikitan banaturik erostea erabaki zutela argitu zuen. «Safer egiturak akordio bat lortu zuen RFFrekin trazatuak zeharkatuko dituen lurrak beraiek erosteko. Baina, erosi ditugun eremuak sobera txikiak dira, eta ez dira ohartu», gehitu zuen.

Atzo, argi utzi zuen Pachonek lur eremu horien jabe bilakatu diren 494 herritarrak AHT egitasmoaren aurka direla, eta RFFk lurrak eskuratzeko nahikeria balu «desjabetu» egin beharko lituzkeela. «Desjabetzeko auzi bat egin beharko digute. Mediatikoki ezin ederragoa izango da gertakaria», erran zuen.

20 euro bakoitzak

Bi lur eremuak 10.000 euroan erosi ditu CADEk, ekintzan parte hartu duen herritar bakoitzak 20 euro jarrita.

Pachonek erosleen jatorria ere nabarmendu zuen. Lekuko herritarrekin batera, «Atlantikoaren bestaldean bizi direnak» ere badirela argitu zuen. «Zailtasunak izanen dituzte erosleak aurkitzeko», azaldu zuen. Proiektu eramaileak datorren udazkenean abiatzekotan dira inkesta publikoa. Behin prozedura hori bukatuta, «desjabetze ekintzak» hasten ahalko ditu RFFk.

«Goiz ibili gara. Notarioan 2010ko abenduaren 27an izenpetu genuen. Orain, dekretuz RFFri gertatzen diren salmenta guztiei buruzko informazioa eman behar zaio», bukatu zuen.

Egitasmoa izoztua

AHT egitasmoaren etorkizunari buruzko «Mobilité 21» izeneko txostena kaleratzekotan da ondoko asteetan. CADEren ustetan, txosten horren ondotik, «egitasmoa izoztua» izanen da 20 urterako.

Inkesta publikoa

Trenbide egitasmo berriaren etorkizuna gaur egun argi ez dagoelarik, CADEren iritziko, ulertezina da RFFk inkesta publikoa aurrera eramateko asmoari eustea. «Ez du zilegitasunik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo