GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Semdinliren eta Hernaniren arteko senidetzea

Kurdistanetik Euskal Herrira, alde bietako ikasgaiak bakerako bidean

Semdinli eta Hernani. Hernani eta Semdinli. Atzo, errepresioa eta heriotza gertutik ezagutu dituzten bi herriek, bata kurdua eta bestea euskalduna, elkarri eskua eman zioten ekitaldi xume batean, elkarrengandik ikasteko asmotan. Euskal Herriaren egungo egoera politikotik eta bereziki, udalerrien esperientziatik ikasi nahi dute.

p024_f01_148x144.jpg

Ainara LERTXUNDI | HERNANI

Iazko uztailean eta abuztuan, Turkiako Armadak gogor eraso zion Semdinli herriari, Hakkari izeneko probintzian. 2012ko uztailaren 23az geroztik, PKK-ko gerrilla kurduak eskualdeko eremu handi bat hartu zuen bere kontrolpean, ordura arteko estrategia militarra aldatuz. Turkiako armadari eraso egin eta mendietara itzuli beharrean, herrietan bertan gelditzea erabaki zuten gerrillariek. Soldadu turkiarrek gogor erantzun zuten eta aspaldiko borroka gogorrenak bizi izan ziren zenbait astez Semdinlin eta inguruetan. Aire eraso bortitzak egon ziren egun horietan. Ehunka soldadu eta gerrillari hil ziren.

Atzo, Semdinliko alkatea den Sedat Tore (BDP talde politiko kurduko ordezkaria) Hernaniko udaletxean izan zen senidetzea izenpetzen Asier San Emeterio alkateorde eta zinegotziarekin batera. Torerekin Hakkariko alkate Fadil Bedirhanoglu, Anatolia Hego-ekialdeko Udalerrien Elkarteko (GABB) idazkari nagusi Ahmet Ertak eta aipaturiko erakundearen nazioarteko harremanen koordinatzaile Zerin Turk izan ziren.

Guztiak izan dira errepresioaren eta oinarrizko eskubideen urraketen lekuko. Bedirhanoglu, esaterako, 2010eko maiatzean epaitu zuten urtebete lehenago egin zen hauteskunde kanpainan kurduera erabiltzeagatik. «Norberaren ama hizkuntza erabiltzea ez da krimena, behar bat eta bertute bat da», plazaratu zuen epaileen aurrean.

Semdinli bezala, gerrak Hakkari gogor kolpatu du urte luze hauetan. 1990ean, 30.000 biztanle zituen, 2012an, berriz, 65.000. «Nekazaritza eta abeltzaintza desagertu egin dira, ez dago industriarik eta langabezia %40tik gorakoa da. Bi lanpostu mota besterik ez daude: funtzionarioak eta dendari txikiak. Gainerakoak langabezian daude. Ezin dugu ezer ere ekoiztu. Askok ez dute kontsumitzen ez dutelako hori egiteko baliabiderik. Hakkarin gosea dago, Armadak gure ekonomia suntsitu baitu», salatu zuen 2010eko irailean Manuel Martorellek sinatutako erreportajean.

«Hernanin, etxean bezala sentitu gara, Euskal Herriak eta Kurdistanek antzeko egoerak bizi izan baitituzte», esan zuen Bedirhanogluk. «Ez dugu autonomiarik, ezta gure hizkuntzan jarduteko eskubiderik ere. Kurdistango herriek egoera horri aurre egiteko potentzialtasun handia genuela ikusi genuen. Hori argi gelditu zen 2009ko hauteskundeetan izan genuen arrakastarekin eta Gobernu turkiarrak gure kontra abian jarritako errepresioarekin. 10.000 lagunetik gora –politikariak, alkateak, artistak, idazleak... bere burua kurdu gisa aldarrikatzen zuen oro– atxilotu eta espetxeratu zituzten. 2012ko udazkenean, nahiz eta kartzelan egon borrokatzeko gai zirela eta beren ahotsa aldarrikatzeko 68 eguneko gose greba hasi zuten espetxeetan, nazioartean oihartzun handia lortuz. 2009 eta 2012 inflexio puntuak izan ziren. Guk bakerako bide horretan, Euskal Herriko udalerriek zer-nolako inplikazioa izan duten aztertu nahi dugu gertutik», gaineratu zuen Ahmet Ertakek.

Euskal Herriaren esperientziaren berri 2011. urtean Venezian bake prozesuen gainean egin zen konferentzian izan zuten. Bertan Kurdistaneko, Iparraldeko Irlandako eta Euskal Herriko ordezkariak izan ziren, tartean Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate ohia. Eztabaida horietan sortu zen Semdinli eta Hernani senidetzeko ideia.

Abdullah Oçallanek Imraliko espetxetik Gobernuarekin abiatutako elkarrizketari buruz galdetuta, Oçallanen erabakietan konfiantza osoa dutela nabarmendu zuten aho batez. «Gure liderra da da. Hala adierazi zuten 3,5 milioi kurduk duela hiru urte egin zen galdeketan. Errepresio gordinaren bitartez gurekin amaitzea lortu ez duenez, elkarrizketa bide bakarra dela aitortu behar izan du Gobernuak. Gure gaitasunean sinesten dugu, ez Gobernuaren hitzetan», helarazi zuen Hakkariko alkateak.

Istanbulen eta beste hiri batzuetan egunotan gertatzen ari diren protestak kurduekin «zuzenean lotuta» ez egon arren, «tentuz begiratzen» dituztela adierazi zuen. Protesta horien ondorioz, Recep Taiyip Erdogan lehen ministroaren balizko dimisio bati ez diote beldur. «Erdogan ez zen egungo prozesua hasi zuena. Zentzu askotan horretarako oztopo bat izan da. Bera egongo balitz, agian prozesua errazagoa izango litzateke. Nork daki. Kurduak ez gaude zain Turkiako Estatuak zer egiten duen. Ekimen gaitasuna geure esku dago», nabarmendu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo