GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Hendaiako irakurraldia

Bozak eta adinak nahasi dira bederatzi orduz iraun duen irakurketa maratoian

Hendaiako Mediatekako lasaitasunean, Itxaro Bordaren «Boga boga» liburua irakurtzen aritu ziren atzo, bederatzi orduz. Ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten irakurketa maratoi horretan. Ekimena zuzenean eman zuten Internet bidez.

p047_f01.jpg

Ainize BUTRON

Itxaro Borda idazleak eman zion abiapuntua, atzo, goizeko hamaiketan, bere “Boga boga” eleberriaren irakurketaren maratoiari. «Tempoa» jarri ostean, Hendaiako Mediatekako gelan bertan tente geratu zen idazlea, bere eleberriaren irakurketa publikoaz gozatzeko eta «esperientzia berezia» jarraitzeko.
 
Eleberriaren letra eta hitzetan ahots horiek guztiak entzuteak «ukigarritzat» jo zuen, izan ere,  idazleak.
 
Bordaren lehen boz goxoari beste hainbat gehituz joan zitzaizkion eguna aurrera joan arau. Goxoak, urduriak, lasaiak, ilunak, azkarrak, ahulak... bozak eta doinuak askotarikoak ziren, eta, batetik bestera, eleberri berdina irakurtzen ari ote ziren pentsatzen ahal zen.
 
Irakurketaren kronoa, hamaiketan piztu zuten, beraz, Akelarre elkarteko antolatzaileek. Eta, Itxaro Bordak egindako hasierako bi minutuen ondotik, bost minutuko tartea emana zioten irakurle bakoitzari “Boga boga” liburuaren bi orrialde irakurtzeko.
Egun batzuk lehenago eskuratua zuten testua trebatzeko aukera izan zezaten, eta, halere, izan zituzten batzuek, azkar egin nahian, Itxaro Bordaren hiztegi korapilatsua irakurtzeko zailtasunak.
 
Baziren ere, irakurketarako tartea goaitatzen zuten bitartean, beraien pasartea azken aldi batez begiratzen ari zirenak, barnean bizi zuten ikara agerian jarriz. 
Hendaiako Mediatekako gela argi, zabal eta hotz batean kokatua zuten mahaia. “Boga boga” liburua bertan jarrita zegoela, irakurleak esertzen ziren heinean, liburuko orriek ere aurrera egiten zuten.

Publiko anitza
 
Zaila izaten da askotan euskarazko liburuen gibelean zer motatako irakurleak gordetzen diren jakitea. Atzoko ekimenaren bidez, Akelarre elkarteak norberak etxean edo opor gune batean lasai eta ezkutuan egiten duena «ozen» egiteko aukera eman zuen. Battitta Salaberri Hendaiako auzapeza, Sustrai Colina bertsolaria, Ikas pedagogia zerbitzuko Xan Othaburu, “Argia”-ko Garbiñe Ubeda, Susa argitaletxeko Gorka Arrese, eta Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoinekin batera, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Hasier Etxeberria idazlea, edo Amets Arzallus bertsolaria agertu ziren Mediatekan.
 
Zegokien pasartea irakurri eta abiatu ziren bertatik, ondokoari txanda utziz.
 
Paxkal Indok ekimenak irudi polita ematen duela nabarmendu zuen. «Askotan ez dakigu nork irakurtzen dituen liburuak. Hor ikusten da euskal gizarte guztiak irakurtzen dutela. Irudi polita ematen du», azpimarratu zuen.
 
Ekimenaren berezitasuna goraipatzeaz gain, Indok tarte hori baliatu zuen ere euskarazko ekoizpenekin «harremana berreskuratzeko garaia» dela aldarrikatzeko. «Diru laguntzen efektua da edo globalizazioarena, baina, lehenago euskarazko ekoizpenekin irakurleek zuten harremana galdu egin da», tamaldu zuen.
 
Halere, atzoko irakurraldiaren bidez, harreman hori berreskuratzeko aukera izan zuten ehunka edo milaka euskaldunek. Etxean, streaming bidez, Akelarre elkartearen webgunean zuzenean “Boga boga” liburuaren edukia entzuteko parada ukan zuten.
 
Arratsaldeko zortziak bost gutxitan amaitu zen saioa, berriz ere Itxaro Bordaren ahotsarekin.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo