GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurralde Elkargoaren aukerak indarrean jarraitzen duela berretsi du Baterak

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak aitortza instituzionala erdiesteko ahaleginean, Lurralde Elkargo Bereziaren aukera da, Bateraren esanetan, «tresna egokiena». Espagnac senatariak aurkeztutakoa Antolaketa eta Kooperaziorako Poloa «jada baztertutako» aukera bat da. «Ez da tarteko etapa bat, ataka gaiztoa baizik» adierazi zuten Baionan plataformako ordezkariek.

p016_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Frederique Espagnac senatariak aurkeztutako zuzenketak eragin duen nahasketa dela medio, Batera plataformak bere iritzia argi eta garbi adierazi zuen atzo, Baionan: «Ez gatoz bat, ez formetan, ezta edukian ere. Inor ez dadila engainatuta sentitu. Zuzenketa hori ez da ez Bateraren proiektua, ez Hautetsien Kontseiluak onartutakoa, ez Lurraldeko Koordinakundeak bultzatzen duena, ez eta ehundik gora auzapezek sostengatu dutena ere».

Plataformaren iritziko, PSko senatariak «bere kabuz» mahai gainean jarritako aukerak ez die gainera, «aterabide egokirik» eskaintzen Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak aurrean dituzten erronka eta arazoei.

Antolamendurako eta Kooperaziorako Poloa (AKP) Lurralde Elkargo Bereziaren ezaugarrietatik «biziki urrun» dagoela nabarmendu zuten: «Hamar herri elkargoek osatutako egitura misto bat izango litzateke. Guztien eta bakoitzaren oniritzia beharko litzateke, landu beharreko arloak zehaztu eta proiektuak prestatu eta gauzatzeko. Funtzionamendua izugarri zaila izango luke» esan zuen Jakes Borthairuk.

Horrez gain, AKP batek zuzenean hautatutako asanblearik eta eskumen eta aurrekontu propiorik ez luke izango. Are, «maila instituzional berri bat» gehituko luke. «Hipotesi hori aztertu zen bere garaian Garapen Kontseiluan eta Hautetsien Kontseiluan adituekin batera eta bere konplexutasunagatik eta eraginkortasun ezagatik baztertua izan zela gogora ekarri zuen: «Ez da tarteko etapa bat, ataka gaiztoa baizik».

Lurralde Elkargo Bereziaren (LEB) aukera «egokiena» dela berretsi zuen, bestalde, Martine Bisautak: «Euskal gizartearen eta politikarien artean inoiz ez bezalako adostasuna erdietsi du LEB aukerak. Oso landua eta sakon aztertua izan da eta, zalantzarik gabe, Ipar Euskal Herriko historia markatuko du».

Baionako hautetsiak Gobernuari erantzuna exijitu zion berriro: «Erantzun politikoa behar dugu politikoa den arazoarentzat. Esan diezagula baietz ala ezetz, baina, gutxienez, aztertu dezala erabat bideragarria den gure proposamena. Ez dugu onartuko mendeetan Ipar Euskal Herriak jasan duen mespretxu eta erantzunik eza».

Baterako kideak onartu zuen Espagnacen zuzenketak Lurralde Koordinakundea aztoratu duela. Alta, «une zaila» izanik ere, «inoiz baino gehiago» bere eginbeharrean jarraitu behar duela nabarmendu zuen.

Senatariaren jarrera ez zuten baloratu nahi izan. «Ez gara plaza publikoan epaitzen hasiko. Berari dagokio azalpenak ematea», esan zuen.

Erreakzioak

Egunotan, AKP sortzeko zuzenketari buruz beren iritzia kaleratu dute hainbat hautetsik eta alderdik. Hala, EAJ-PNBk senatariaren «manerak» kritikatuta, argiki esan du «gibelatze» bat izango litzatekeela: «Ez du deusetan gaurko kudeaketa txarra hobetuko (...) Guretzat onartezina da», adierazi du alderdi jeltzaleak.

Colette Capdevielle diputatu sozialistak gobernuarekin «elkarrizketa gune errepublikarra eta arduratsua bermatzeko hautetsien batasuna eta Hautetsien Kontseiluarekin adostasuna» premiazkotzat jo ditu.

Bere alderdikide Frantxua Maitiaren ustetan, berriz, Espagnacen ekimenak Dezentralizaziorako ministro «Marylise Lebranchuren oniritzia» izango luke.

Gainerako gobernukide eta parlamentariena ba ote duen ere ikusteko dago oraindik. Aste honetan bertan Senatuan bozkatua izan daiteke.

HITZA HITZ

Udaberrian bertako eragileekin elkarlana burutzeko egindako promesa ez duela bete gogorarazi zion Martine Baisautak Marylise Lebranchu ministroari: «Hitza hitz. Etor dadila Lurralde Elkargoaren eskakizunaz bere iritzia ematera».

Une korapilatsua baina etapa berri bat, erakundetze bidean

Larunbatean izandako manifestazioa «historikoa» izan zela nabarmendu zuen Baterak. Deialdiak horren esparru ezberdinetatik jasotako atxikimendua bera «aparta» izan da, Nicolas Blainen esanetan. Parte hartzea bera ere garrantzitsutzat jo zuen: «Manifestazio ederra izan zen. Jakina, nahiago genuke jendetsuago izatea, baina 6.000 lagun biltzea ez da emaitza txarra. Manifestazioa ez zen mugarri bat, etapa bat baizik. Gure lanak aurrera segitzen du».

Berezko lurralde elkargoaren inguruko gizarteratze lana sakondu behar dela aitortu zuen Blainek. Ildo horretan, Baterak hitzordua eman zien bere kideei, uztailaren 13an, goizeko 9.30etatik goiti, Ezpeletan burutuko duen ohiko biltzarrera. «Bertan gogoeta egin eta hurrengo lan-ildoak zehaztuko ditugu», gaineratu zuen.

Egungo unea korapilatsua bada ere, Lurralde Koordinakundearen baitan ere parte hartzen jarraituko duela baieztatu zuen Martine Bisautak. Datorren astean bilera egingo dela espero dute.

Espagnacen zuzenketak Senatuan izango duen ibilbideari ere so egingo diote, jakina, nahiz eta seguru dauden bide horretatik Ipar Euskal Herriak behar duena ez dela lortuko. «Dezentralizazio legearen lehen atalaren debatea hasi besterik ez da egin. Eztabaida oso luzea eta konplexua izango da, besteak beste, zuzenketa mordoa dagoelako. Ikusiko dugu zer bilakaera duen Espagnacek aurkeztutakoak, ez baita esana aurrera egingo duenik. Gobernuak berak babestu beharko luke aurrena eta gero senatarien oniritzia jaso, lehen urrats bezala», esan zuen Bisautak. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo