GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Laster, ohiko ahanzturara itzuliko dira berriro

Prostitutak oso egoera kaskar eta arriskugarrian bizi dira, gauza jakina da, baina hori ez da kontuan hartzeko moduko arazo gisa sumatzen. Aitzitik, ezaxola eta, kolektibo horren estigmatizazioa dela-eta, arbuioa dira nagusi. Prostituzioaren munduak, morboaren eraginez ez bada, oso gutxitan bereganatzen du hedabideen arreta. Hartarako, Ada Otuya eta Jenny Rebolloren hilketak bezalako gertakari bat behar da. Edonola ere, prostitutak, betiere beren mundu goibel, txiro eta arriskuz betetik atera gabe, laster gizartearen begiradatik desagertuko dira berriro.

Askabidek, kolektibo horri laguntza eskaintzen dion elkarteak, fenomeno hori aztertu ondoren, gai korapilatsua eta konponbide zailekoa dela aitortzen du, baina zenbait gako agertu ditu, hala nola hipokrisia. Esate baterako, egunotan zabaldu den prostitutenganako errukia eta pena laster ezaxola edo deserosotasun keinua bihurtuko da. Eta gizartearen jarrera hori dela-eta, prostituten babesgabetasuna are handiagoa da; izan ere, babesgabetasun hori ez da haien jarduerara bakarrik mugatzen, baizik eta jasaten dituzten erasoak salatzeko beldurreraino hedatzen da.

Prostituzioaren atzean bazterkeria soziala eta pobrezia dago, eta kasurik gehienetan ez da hautatutako jarduna. Hori ulertzen ez den artean, kolektibo horrek, laguntzaren ordez, alde guztietatik eraso gehiago jasaten jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo