GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Hezkuntza eta edukazioa

Honezkero ikusiko zenuten, telebista kate guztietako albistegietan eman baitzuten. Eta solas baino oihu egiten duten gaueko eztabaida saio horietan guztietan ere tarte handia eskaini ziotela, ia seguru. Bestela, erraza dago Interneten bilatzen. Kontua da Karrera Amaierako Sari Nazionalen banaketa ekitaldian Hezkuntza ministro espainolari egoera egiaz deseroso horietako bat jasatea tokatu zitzaiola: dozena bat ikaslek, zegokien diploma jasotzerako momentuan, ez zuten agurtu. Eskua erdi luzatuta baina hutsik zuela utzi zuten gizona, eta ahoa bete hortz.

Hori gutxi ez, eta ikasketa bakoitzeko ikaslerik bikainenak diren horietako batzuk «Escuela pública de todos, para todos» lelodun elastiko berdeak jantzita igo ziren agertokira, eta batek hitza hartu zuen «guztientzako hezkuntza askea» defenditzen dutela gogorarazteko. Eta ikus-entzuleak, txaloka.

Jakina da Gobernu espainolak hezkuntzan egindako murrizketak salatzearren protesta ugari egin dela azken urte eta erdian, elastikoaren koloretik izena hartu duen «Marea Berdea» delakoaren baitan. Baina ziurrenik joan den asteartekoa izan da oihartzun handienetakoa lortu duena. Zergatik? Batetik, ministro jaunaren mutur aurrean egiteko modua izan zutelako; eta bestetik, ekintzaileak «txakur-txirula» suminduak ez zirelako, «ikasle saiatu, langile, fin eta distiragarrienetako» batzuk baizik. Horrexegatik.

Eta horrexegatik akaso, gazte horiek halakorik egitea espero ez zutelako-edo, kritika gogorrak egin dizkiete zenbait komunikabidetan. Ulu, iskanbila, garrasi eta indarkeria arrastorik gabeko protesta izanagatik. «Edukazio falta» egotzi diete: halako ekitaldian egiteagatik eta, batik bat, han zen ordezkari instituzional gorenari itsusikeria hori egiteagatik.

Protesta ez da inoiz erosoa izan; ez jasotzen duenarentzat, ezta (sarritan) egiten duenarentzat ere. Protesta atseginik ez dago. Beti izorratzen du norbait. Horretarako egiten da, hori da bere izatea. Bestela ez da protesta. Eta protesta egiteko arrazoiak gutxitan izan dira orain baino gehiago. Nahiz eta bidean «edukazioa» galtzeko arriskua izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo