Ohiko elementuetatik errealitate liluragarria sortu du Yurre Ugartek bere bigarren liburuan
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Haurren lilura piztu nahi du Yurre Ugartek bere liburu berriarekin. «Itsasoa maleta batean» (Denonartean) bere aita lanpetuegi egoteaz nekatuta dagoen mutiko baten istorioa kontatzen du. Hala, egunero laneko maleta eskuan darama Peruren aitak, eta barruan «gauza guztiak» gordetzen omen ditu bertan, gauza garrantzitsuak, alegia. Protagonista txikiari ez zaio gustatzen bere aitaren maleta beltza, eta hartu eta gauza distiratsu eta alaiez bete nahi du, inork gorde ez duena bertan sartzeko: itsasoa. Putzuz putzu salto eginez, haurrek duten altxor eder horrekin, irudimenarekin, Egiptora iritsiko da eta sekulako abentura biziko du Peruk bilduma berri bateko lehen zenbakia den liburu honetan. «Hain arrunta den maletak bere errealitatea eraldatzeko balioko dio umeari -aipatu zuen idazleak aurkezpenean-. Interesatzen zaidana da imajinazioa tresna on bat dela ulertzea, eta irakurlearengan lilura hori bera sortzea».
Lehen liburua
Istorioak erritmo bizia dauka, Unai Pascual editorearen ustetan, baina denbora neurtu gabe irakurtzeko horietakoa. Erritmo horri eusteko, eta istorioari ahalik eta jarraikortasun handiena ematea lortzeko, Yurre Ugartek lehengusua duen Eneko Ugarte ilustratzailearen laguntza izan du. «Ilustratzen dudan lehen liburua da, eta txuri-beltzean izango zela esan zidatenean interesgarria iruditu zitzaidan», esan zuen. Era berean, aipatu zuen marrazki definituak diren arren, «barrokoegiak» ez egiten saiatu dela, marrazkiak begiratzen denborarik ez galtzeko.