sokatira
Erandioko Goiherri buru dela abiatuko da Laukizen 640ko Txapelketa
J.L.
640 kilokoan bihar, 11.30ean, abiatuko da txapelketa, Laukizen, Erandioko Goiherri taldea buru dela. Berdeak jaun eta jabe izan ziren 680koan, eta maila honetako txapela irabazteko ere faborito nagusiak izango dira.
Erandiokoekin batera, Mutriku, Getxo, Gaztedi A eta B eta Goiherri B lehiatuko dira. Getxo izango da pisu handian aritu ez zen talde bakarra, besteak han ere neurtu baitziren.
Hiru jardunaldiko liga bat jokatuko dute, eta punturik gehien pilatzen dituen taldeak irabaziko du. Goiherri taldea da faboritoa, eta ikusi beharko da ea norbaitek estutzen duen edo ez.
680koan Mutriku izan zen bigarren. Behetik gora egin zuen. Gaizki hasi zen, baina sekulako sasoiarekin amaitu zuen. Gaztedik, aldiz, kontrako bidea egin zuen. Bi hauek izango dira berdeen aurkari nagusiak.