GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Mirandan berreskuratu dut galtzen hasita nengoen ilusioa eta konfiantza»

p040_f01.jpg

Iñigo Diaz de Cerio

Futbolaria

Iñigo Diaz de Ceriok denboraldi bikaina egin du Mirandes taldean. Bere lesioaz geroztik, ez ditu minutu asko izan jokatu duen taldeetan, baina Pousok eman dio aukera hori Mirandan, eta ez du barkatu, taldeko izarretako bat bihurtuz. Realean hazi eta hezitakoa da, lehen taldera iritsi arte. Handik Athleticera joan zen, eta ondoren Kordobara eta Numanciara, aurten Mirandesera iritsi aurretik.

Jon LEUNDA

Pasa dira Iñigo Diaz de Ceriorentzat urte txarrak. Badirudi Mirandan aurkitu duela behar zuen konfiantza. Realean jokatzen zuenean izan zuen lesio larria gainditu ostean, asko kostatu zaio aritu den taldeetan leku bat topatzea, baina Mirandesen berriro ere lehen zen aurrelari arriskutsu hura izan daitekeela argi eta garbi utzi du, puntuak ematen dituzten golak sartuz.

Nolakoa izan da amaitu berri duzuen denboraldia?

Oso ona. Taldeak denboraldi bikaina egin du, eta amaitu baino jardunaldi bat lehenago Bigarren Mailan jarraitzeko txartela lortuta geneukan, eta hori aurrekonturik txikiena izanda. Pertsonalki ere oso denboraldi ona izan da, behar nuen honelako urte bat.

Azkenean lortu al duzu zure maila erakusteko leku bat?

Bai. Urtean 25 partida jarraian jokatzeko beharra neukan. Lesioaren ondoren, ez dut horrelakorik izan, eta horregatik etorri nintzen Mirandara. Hasierako partidetan asko kostatu zitzaidan taldean sartzea, baina gero dena jokatu dut. Zortzi gol egin ditut, ez dira pila handia, baina taldeak berak ere ez ditu asko egin. Mirandesen berreskuratu dut berriro ere konfiantza.

Urte zailak izan al dira lesio ondorengo denboraldi hauek?

Oso zailak. Athleticera iritsi nintzenean oraindik erabat errekuperatu gabe nengoen, eta gero ez nituen minutu gehiegi izan jokatzeko. Horregatik joan nintzen Kordobara, minutu bila, baina han ere gauzak gaizki atera zitzaizkidan. Berriro ere Athleticera itzuli nintzen, gero Numanciara joateko. Sorian ere ez zuten nirekin gehiegi kontatu, nahiz eta iazko denboraldi amaieran gol batzuk sartu eta minutu gehiago jokatzeko aukera izan nuen.

Horrelakoetan gauza asko pasatuko dira burutik, ezta?

Bai. Urte zailak izaten dira horiek, eta egia esan behar badut futbola uztea ere burutik pasatu zitzaidan. Athleticen ez nuen jokatzen, eta utzita joaten nintzen beste taldeetan ere ez. Azkenean ez zen entrenatzaile baten kontua bakarrik. Aurten, Mirandan, hasierako hamar partidetan ere, askotan deialditik kanpo geratu nintzen, eta horri buelta ematea ez da erraza izan. Baina azkenean lekua topatu nuen, eta uste dut nire bolada txarrari amaiera eman diodala.

Ezin esan Mirandan etxetik kanpo zeundela, ezta?

Ez. Euskal Herria Mirandako sarreran amaitzen da, beraz hortxe geunden, eta jokalaririk gehienak ere euskal herritarrak ginen. Oso giro ona izan dugu aldagelan, eta jendeak ere erantzun bikaina ematen du. Oso gustura egon naiz bertan.

Esaten duten bezain ona al da Mirandesen jarraitzailea?

Bai, bai, ez izan zalantzarik. Futbol zelaia beti beteta egoten da, eta sekulako giroa izaten da harmailetan. Etxeko jokalarientzat oso garrantzitsua da, beti gainean eta bultzaka aritzen direlako. Kanpokoentzat, berriz, kontrakoa. Azken batean etxean jokatzerakoan beti izan behar dira abantailak, eta Anduvako jarraitzailea oso garrantzitsua da Mirandes taldearentzat.

Datorren urteari begira zer gertatuko da?

Ez dakit. Ikusi beharko da Mirandesek non jokatzen duen. Zelaian lortu dugu helburua, baina orain elkarte anonimo egin beharra dauka, bestela Bigarren B Mailara jaitsiko dute, eta uste dut hori kolpe handia izango litzatekeela. Dena dela, behin zelaian helburua lortuta, uste dut bulegoetan ere egingo dutela egin beharrekoa, eta Mirandesek Bigarren Mailan jokatuko duela datorren urtean.

Eta Diaz de Cerio non ikusiko dugu hurrengo denboraldian?

Ez dakit. Orain amaitu dut kontratua Mirandesekin, eta hemendik aurrera etorkizunarekin pentsatzen hasi beharko dugu. Hasteko, ikusi beharko da gauzak nola geratzen diren Mirandesen, eta egia esatea nahi baldin baduzu, ez litzaidake batere axolako beste urte bat edo bi Mirandesen jokatzea. Niretzat oso urte ona izan da, eta oso gustura egon naiz hemen.

Edozein euskal jokalariri gomendatzen al diozu Mirandes?

Bai. Aurrez esan bezala, beraien zaleak oso onak dira, beti animatzen du taldea, eta zelaia beti beteta dago, eta hori oso garrantzitsua da jokalari batentzat. Etxetik oso gertu dago, maila on batean jokatzen du, eta diru arazorik ez du, beraz jokalariok ez daukagu kobratzeko inongo arazorik. Horiek denak kontuan hartuta, ez dago zalantzarik, eta norbaitek Mirandesen eskaintzaren bat jasotzen badu, bertara joateko gomendioa egingo nioke, aldagela barruan egoten den giroa ere aparta izaten baita. Dena dauka gustura egoteko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo