Ana Perez, Afrika Jimenez, Marga Mosquera, Maria Palacios | STEE-EILAS sindikatuko ordezkariak
Indarkeria sexistari aurre egiteko, hezkidetza!
Azken asteotan biderkatzen ari diren indarkeria sexistaren kasuek alarma guztiak piztu beharko lituzkete, baina ez da horrela gertatzen, emakumeon kezka edo ardura dela ematen du eta ez jendarte osoarena.
Non daude Gallardonen eta beste politikari askoren ahotsak? Non Elizako arduradunen edo sektore ultrakontserbadoreen ordezkariarenak? Argi dago, emakumeon bizitzak ez du inolako baliorik horientzat, eta horrela demostratzen dute, behin eta berriro, egiten dituzten aitorpenetan eta lege batzuen aldaketetan. Kasu argiena, Abortuaren Legearekin egin nahi dutena. Emakumeon erabakiak eta bizitzak ez dute balio eta balio handiagoa dute nasciturum-en «eskubideak» emakumearenak baino. Dena den, hori adibide bat baino ez da; lege honen helburua emakumeon gorputzak kontrolatzea da eta hainbat urtetako borroka feminis- tari esker emakumeok lortu ditugun eskubideak deuseztatzea.
Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan gertatzen diren erasoak, bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabile- raz ari baikara. Beraz, arazo honi aurre egiteko ezinbestekoa da guztion inplikazioa eta ikastetxeetan hezkidetzan oinarritutako eredu pedagogikoak martxan jartzea. Estereotipo sexistak ezabatzeko eta jendarte eredu berri bat, non indarkeria sexistak lekurik izango ez duena, eraikitzeko.
Bide batez gogorarazi nahi dizuegu Euskal Herrian, emakumeen aurkako muturreko indarkeria egoeretan, erailketak kasu, erantzun egoki eta bateratu bat emateko asmoz Euskal Herriko Emakumeen Plataformak kontzentrazioak eta beste mobilizazio motak antolatzen dituela, eta horietan parte hartzen animatzen zaituztegu.