GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tramitera onartu dute erraustegia egiteko «swap»-a dela-eta jarritako demanda

p022_f01_111x111.jpg

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) atzo jakinarazi zuenez, Donostiako Auzitegiak tramitera onartu du Banesto eta La Caixaren kontra jarritako demanda. Jakina denez, GHKren aurreko arduradunek -EAJri lotutakoek- swap bat kontratatu zuten, errauskailuaren proiektua atzera ezinezko bihurtzeko asmoz.

Maiatzaren 31n jarri zuen demanda GHKk. Bertan nabarmentzen duenez, 9,7 milioi euro baino ez ditu gastatu, baina banku horiek 125 milioiri dagozkien interesak ordainarazten dizkiote.

Ainhoa Intxaurradietak, GHKko lehendakariordeak, hau ziurtatu du: «Urrats guztiak egingo ditugu, bankuek kontratuak egokitu ditzaten».

Bestalde, hondakinak biltzeko Gipuzkoako hainbat herritan adostu diren sistemak ez ditu begi onez ikusten Zero Zabor plataformak, emaitzen bermerik ez dutelakoan. Atez ateko bilketak, artean, frogatutako emaitzak dituela nabarmendu zuen.

«Gipuzkoak premiazko irtenbide bat behar du. Egunero milaka tona zabor ari gara zabortegietara bidaltzen. Zabortegi kutsakorrak ez dira irtenbidea, ezta errausketa bezalako tratamendu garesti eta toxikoak ere. Frogatuta dago gaikako bilketa eraginkorra berma daitekeela. Gipuzkoa egungo egoeratik zero zabor eredu batera gidatzeko plana idatzita eta zehaztuta dago iaztik», gogorarazi zuen Zero Zabor plataformak.

Eredu honen aurrean izandako presioak ere kritikatu zituen. «Gipuzkoak ezin du presio politiko elektoralisten eta elite baten interes ekonomikoen biktima izaten segitu. Gipuzkoa Zero Zabor mugimendutik, bidea zein den erakutsiz, ausardiaz eta arduraz jokatu duten arduradun politikoak zoriondu nahi ditugu, eta gainerakoei, beti eman izan dugun mezu argia gogorarazi. Zero zabor norabidean joateko bidelagun izan gaituzte; zero zabor norabidean pauso okerrak ematen badira, salatu egingo dugu».

Zero Zabor taldeak eman zituen datuen arabera, 2008an martxan jarri zen bosgarren edukiontziaren sistemak ez du inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu. 2009an martxan jarri zen atez ateko bilketak, berriz, kasu guztietan %70tik gorako gaikako bilketa lortu du hasi eta hilabete bakarrera.

Arrasaten, erraustegirik ez

Bestalde, Arrasate Zero Zaborrek agerraldia egin zuen atzo erraustegirik ez dutela nahi ez herri horretan ez inon eta sortzen diren hondakinak gaika bildu behar direla esateko.

«%80tik gora bildu daiteke gaika, Gipuzkoako herri askotan erakutsi duten bezala, atez ateko sistemarekin. Guretzat garrantzitsua ez da sistema; guk %80tik gora birziklatu nahi dugu, baina orain arte Gipuzkoan atez atekoarekin bakarrik lortu dira zifra horiek eta, gainera, hilabete batean», adierazi zuten.

«Gaika biltzea erraza da. Hasieran aldaketek beldurra ematen dute, baina guk ziurta diezazuekegu hiru hilabete baino lehenago guztiok ohituko garela eta, gainera, harro egongo garela mundu garbiagoa egiten arituko garelako. Eta zalantzan bazaude, ez pentsatu zer den erosoago, pentsatu zure seme-alabentzat zer izango den egokiago. Maitasunak gainditu dezala erosotasuna!», gaineratu du Arrasateko Zero Zaborrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo