GARA > Idatzia > Kultura

Chillida-Leku irekitzeko egindako kontaktuak berreskuratu ditu Lakuak

Luis Chillidak atzo adierazi zuenez, eskultorearen familiak ezin du beti museoa berriro zabaltzea ahalbidetuko dion laguntzaren zain egon, eta instituzioekin akordio bat sinatzeko prestasuna agertu zuen. Era berean, Lakuako gobernuak baieztatu zuen jada izan dutela lehen kontaktu bat museoko arduradunekin, GARAk jakin duenez. Diputazioak, ordea, ez dauka harreman horren berri; ez du familiarekin harremanik izan azken eskaintza baztertu zuenetik.

p045_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | HERNANI

Eduardo Chillida eskultoreari eskainitako museoak, Chillida-Lekuk, publikoari ateak itxi zizkion 2011ko udaberrian, eta ordutik familia arduratu da zaindu eta artistaren inguruko ekintzak antolatzeaz. Museoa berriro zabaltzeko asmoz, garai hartako Lakuako gobernua eta Gipuzkoako Diputazioa familiarekin jarri ziren harremanetan eta hainbat eskaintza egin zituzten. Hala ere, negoziazioak ez ziren aurrera atera. «Chillida familiarekin izan genituen azken kontaktuak Blanca Urgell Kultura sailburua zenean izan ziren. Azaldu genien gu prest geundela aukera desberdinak aztertzeko, betiere museoaren erosketa baztertuta, ezin genuelako gastu hori asumitu», azaldu zion atzo GARAri Ikerne Badiola Kultura diputatuak. Familiak baztertu egin zuen eskainitakoa, eta ordutik ez dute inolako harremanik izan, eta Lakuako gobernuak izan duenik ere ez zekien.

Egunkari honek jakin duenez, berriz, Lakuak «lehen kontaktuak» egin ditu museoarekin, oraindik ofizialak ez badira ere. «Asmoa badugu akordio batera iristeko, eta serioki ez bada ere, lehenengo hartu-emanak egon dira. Oraindik lan handia dago aurretik eta gai honekin pixkanaka joango garenez, ez dugu ezer aurreratu nahi», azaldu zuten Gobernuko iturriek.

Aitzitik, Luis Chillidak (eskultorearen semeetako bat eta museoaren zuzendaria) aipatu zuen ez duela «kontaktu zuzenik izan» EAJko gobernu berriarekin, baina uste duela, «interesa egonez gero», beraiekin harremanetan jarriko diren eguna iritsiko dela. «Familia ezin da betiko zain egon, instituzioek noiz eskainiko akordio bat, museoa mantentzeak kostu handia duelako», azaldu zuen. Hala ere, azpimarratu zuen familia itxaropentsu dagoela.

Zuzendariaren esanetan, «leku askotako eskaintzak» jasotzen ditu museoak Chillidaren lanak beste leku batzuetara eramateko, baina familiak, momentuz, Hernaniko museoa mantendu nahi du: «Irits daiteke une bat beste bide batzuetatik jo beharko duguna, publikoak lanak ikusi ahal izatea zor diogu aitari, baina ez dago berehalako presarik».

Instituzioaren eta museoaren arteko harremanak ofizialak egiten diren bitartean, Chillidaren lanak mundu osoan zehar ari dira bidaiatzen. Hala, Herbehereak, Britainia Handia, Korea, Alemania eta Ameriketako Estatu Batuetako erakusketetan izango dira ikusgai eskultorearen zenbait lan.

Izan ere, euskal eskultoreak jarraitzaile ugari ditu, baita artearen barnean ere, eta Londresko Christis enkante-etxe ospetsuak 2006an Bilboko Guggenheimek berari eskainitako erakusketako 45 piezak salduko ditu. Eskultorea ezagutu edo miresten duten hainbat artistek hartu zuten parte bilduma honetan, tartean, Anish Kapoor edo Zao Wou-ki, eta horiekin batera Chillidaren lan bakar bat subastatuko da hilaren 25a eta 26a bitartean: «Buscando La Luz IV» (2001).

Argazkia, testua eta bideoa

Atzo Chillida-Lekuren ateak zabaltzearen arrazoia, berriz, ez zen diru kontua izan, «Udara bat Eduardo Chillidarekin» lehiaketaren III. edizioaren aurkezpena baizik. Luis Chillidak azaldu bezala, argazki lehiaketa antolatu zuten lehen urtean partaidetza zabala egon zen. Bigarrenean, argazkiekin batera, testu politak jasotzen zituztela konturatu eta kategoria bat merezi zutela erabaki zuten. Hala, aurten, argazkiak saritzeaz gain, testuek ere garrantzia izango dute. «Argazkien deskripzio bat egiteko eskatzen genuen eta horietako testu batzuk oso ederrak ziren, sentimenduz beteak, beraz, pentsatu dugu kontakizunak biltzeko beste lehiaketa bat martxan jartzea», azaldu zuen arduradunak. Honela, bidali beharreko argazkiak Chillidaren obra bere testuinguruan kokatzen ahalegindu beharko diren bitartean, kontakizunek Chillidarekin izandako esperientzien berri eman beharko dute.

Beste berrikuntza bat da lehiaketa hirukoitza izango dela, hau da, argazki eta testuak biltzeaz gain, bideo laburrak ere jasoko dituzte, adierazpide artistiko desberdinei lekua egiteko asmoz. Lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko Chillidak gaur egun duen presentzia azpimarratu beharko da.

Diziplina bakoitzeko bi irabazle hautatuko dituzte museoko arduradunek, eta saria bisita gidatu bat, opari bat eta Donostiako Narru jatetxean bazkari edo afari bat izango da. Lehiaketan parte hartzeko baldintzen berri emango dute museoaren webgunearen bidez: www.museochillidaleku.com.

Eduardo Chillida Katedra eratu dute Frankfurten

Apirilaren 18an martxan jarri bazuten ere, bihar zabalduko dute ofizialki Eduardo Chillida Katedra Frankfurteko Goethe Unibertsitatean. Honen helburua unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea eta euskal artearen inguruko ezagutza sustatzea da, eskultorearen obra ikertzen den bitartean. Honakoa Etxepare Institutuak sortzen duen hirugarren nazioarteko katedra da, eta Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza. Aurretik Bernardo Atxaga Katedra zabaldu zuen New Yorken eta Koldo Mitxelena Katedra Chicagon. Katedra berria Ikasketa Kuratorialen Nazioarteko Masterrean txertatu dute, Goethe Unibertsitatearen, Städelschule museoaren eta «Frankfurter Allgemeine»-ren arteko lankidetzan antolatutako graduondoko programa baten bidez.

Era berean, Etxeparek jakitera eman duenez, Frankfurteko Arteetako Liburutegiak artistari buruzko bibliografia osoa bildu du berari eskainitako atal batean. Honela, eskultorearen obra ikertu nahi duen ororentzat erreferentzia bat izango da liburutegia, Chillida-Lekurekin batera. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo