GARA > Idatzia > Kultura

Mintzolak eta Mikel Laboa Katedrak bertsolaritzari buruzko tesia egiteko deialdia zabaldu dute

Mintzola Fundazioaren eta EHUren lankidetzatik sortu den hiru urtetarako ikerketa-kontratua da eta bertsolaritzari buruzko lau iker-lerro proposatzen ditu. Eskaria aurkezteko epea uztailaren 10ean amaituko da.

p046_f01.jpg

Ane ARRUTI | VILLABONA

Bertsozale Elkarteak Ikerketa Ekintza Parte Hartzailea (IEPH) prozesua gauzatu zuen 2011 eta 2012an zehar. Prozesu horretatik lau iker-lerro ondorioztatu zituzten, eta orain, Mintzola Fundazioaren eta EHUren elkarlanetik bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea helburu duen ikerketa-kontraturako deialdia egin dute. Eskariak uztailaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira eta irailaren 16an jakinaraziko dute hautatuaren eta ordezkoen zerrenda.

Aukeratu beharreko ikergaiak lau dira: Bertsozaletzeko arrazoiak eta mekanismoak ikertu, adin desberdinetan, eta tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuz; herrialdeko Bertsozale Elkartearen eskutik hezkuntza arautuan, bertso-eskoletan eta jarduera osagarrietan egin den lanaren, metodologien eta emaitzen azterketa; bertsolaritzaren transmisio modu guztien azterketa: transmisio formala, ez formala eta informala; eta bertsolaritzaren transmisioak hezkuntzaren zein gizartearen esparru ugarietan egin dezakeen onura eta ekarpena aztertzea. «Doktoregaiak eskariarekin batera aurkeztu behar duen proiektuan zehaztuko du horietako zein eta zenbateko zehaztapenarekin garatuko duen bere tesian», esan zuen Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

EHUren parte hartzea Mikel Laboa Katedraren eta Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez gauzatu da. Irizpide guztiak www.mintzola.com atarian daude eta zalantzak gidor.bilbao@ehu.es helbidera bideratu daitezke.

Ahoa Bete Hots jardunaldietan jolasaren garrantzia izango dute ardatz

«Hitza jolas» goiburua izango dute laugarren aldiz Villabonan landuko diren Ahoa Bete Hots jardunaldiek. Hiru goizetan egingo dira, uztailaren 3tik 5era eta «orain arteko jardunaldi praktikoenak izango direla esan daiteke», esan zuen Beñat Gaztelumendik, Bertsozale Elkarteko ikerkuntza arduradunak, gogoetaz gain, tailerrek presentzia nabarmena izango dutelako. Izan ere, hezkuntza arautuan nahiz hortik kanpo, ahozkotasuna lantzeko jolasak duen egitekoa eta garrantzia hartu dute aintzat aurtengo jardunaldiak prestatzeko. «Jolasa ongi pasatzea baino gehiago da; tresna aski baliagarria da ahozko generoak lantzeko», adierazi zuten. Villabonako Mintzola etxean elkartzen diren Bertsozale Elkarteak, Euskal Kantuzaleen Elkarteak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Ipuin Kontalari Taldeak konpartitzen duten kezka da horixe eta irakasleak edo aisialdiko begiraleak jotzen dituzte jardunaldi hauetarako interesatu nagusitzat, nahiz eta edonork parte har dezakeen.

Lehenengo egunean, Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Mari Añorga izango dira hizlari. Bigarrenean, hiru tailer egingo dira Oihane Pereak, Gabi de la Mazak eta Oskar Estangak gidatuta eta uztailaren 5ean beste bi tailer izango dira; Ainara Gurrutxaga eta Urko Rekondorena bata eta Eñaut Gantxegirena bestea. Izen emateko epea ekainaren 25ean amaituko da. Programa osoa www.mintzola.com-en. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo