Aitor Montes Lasarte Medikua
Eskubideen hierarkia osasungintzan
Erabiltzaile guztiak ez dira berdinak, mailak daude, hierarkiak. Erdal hiztunak erabiltzaile pribilegiatuak dira, eta euskaldunak bigarren mailakoak
Euskal Osasun Zerbitzua, Osakidetza, euskaldunoi osasun-arreta eskaintzen digun zerbitzu publikoa da -guztiona-, unibertsala -denontzat-, eta doakoa. Guztiona, denok ordaintzen dugulako, denon artean egin baitugu, eta unibertsala, denon zerbitzura dagoelako, bereizketarik onartu gabe. Osasun-laguntza maila berean, berdintasunean, eskaintzen zaio edonori, arraza, sexu, jatorri, adin, ideologia edo beste edozein ezaugarrirengatik inor alde batera utzi gabe. Osakidetza Euskadiren ikurretako bat da, Osasun sailburuaren hitzetan, gure DNAn txertaturik dago, eta Osakidetzarik gabe ez omen dago Euskadi ulertzerik. Beraz, Osasungintzan ez dago arazorik, ez dago liskarrik, ez dago gatazkarik. Elkarbizitzarako tresna egokia, egokirik bada, topatzen asmatu dugu eta Osakidetza du izena. Baina gauzak horrelakoak al dira benetan? Osasun-arreta osoa euskaraz eskaintzen al dugu? edo, beste era batera galdetuta, euskaldunei zerbitzua euren hizkuntzan ematen al diegu? Eta erantzuna ezezkoa bada, ez al du horrek unibertsaltasunaren printzipioa errotik zapuzten?
Erabiltzaile guztiak ez dira berdinak, mailak daude, hierarkiak. Erdal hiztunak erabiltzaile pribilegiatuak dira, eta euskaldunak bigarren mailakoak, euren hizkuntza eskubideak urraturik ikustera ohituak. Eta horrek kalitatean pitzadura dakar; arreta pazientearen hizkuntzan burutu behar dela ahaztu dugu.
Hori da gaur egun bizi dugun egoera, erabat onartuta dagoena. Eskubideen hierarkia dago, eta, hizkuntzaren arabera, arretaren kalitatean bi maila ezberdin.
Eta eskubideen hierarkiaren aldekoak egon badaude. Hauen ustez euskalduna ez da, antza denez, euskaraz dakien erdalduna baizik, gaztelania baita batzen gaituena. Oker gaudela diote euskaldun eta erdaldunak bereiztean, ezberdintzean, desberdintasuna beste maila batean koka- tzen baita: hiztun elebakarrak edo eleaniztunak daude eta hori da dena. Eta horrek eskubideen hierarkiara garamatza behin eta berriro. Erdaldun elebakarren hizkuntza eskubideak euskaldunenen gainetik daude: erdaldunek ez dute zertan euskara ikasi, ezin ditugu behartu. Baina, alderantziz, euskaldunok erdara ikasi beharrean gaude, lege unibertsalak horrela agintzen du eta. Teoria horren arabera, mundu osoan berdin gertatzen da hizkuntzen arteko lehian: zenbat eta hiztun gehiago, orduan eta indar handiagoa izango du hizkuntzak, eta hura ikastea ezinbesteko bilakatzen da. Baina horrek ez du esfortzurik eskatzen, eta ez du inoren eskubiderik ez nortasunik urratzen, normala eta naturala baita. Estatuak hizkuntza inposatzeko eskubide osoa du, eta hizkuntza hori hiritarren hizkuntza bihurtzen da. Euskaraz ikastea borondatezkoa izan daiteke, gomendagarria, baina ez da eskubide bat, eta, are gutxiago betebehar bat. Eta horrela pentsatzen dutenek osasun arreta euskaraz ematea inposaketatzat jotzen dute. Langileok ez daukagu zerbitzua euskaraz eman beharrik, erabiltzaileek egin behar dute erdaraz.
Hori da gaur egun bizi dugun egoera, eskubideen hierarkia alegia. Eta gure ikurra, gure DNA, osasun sistema publikoa da, Osakidetza. Gaixoak hil egin daitezke, eta, noski, hiltzen zaizkigu azkenean; normala da, gizaki hutsak gara eta horrelakoa da bizitza. Baina hizkuntzek ez dute zertan hil. Osasun-sistemak hizkuntzen osasun-egoeran eragina izan dezake. Osasungintzan euskarari babesa emanez gero, oneratu dezakegu. Baina euskararen galbiderako tresna ere bilakatu daiteke, erremediorik ipintzen ez bazaio oraingo tratamenduari. Ezer egiten ez badugu, sekula ez dugu lortuko berdintasunik; euskara beti biga- rren mailako hizkuntza izango da, eta euskal hiztunak, bigarren mailako hiritarrak. Eta hizkuntzarenak egin dezake denbora izan baino lehen. Hizkuntzen hierarkia, eskubideen hierarkia, baita osasun arretan ere.