GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iazko «Mile baietz!» eguneko enbidoa bikoiztu egingo dute aurten Igorren

Iazko lehendabiziko edizio arrakastatsuari jarraiki, igandean «Mile Baietz!» eguna ospatuko da berriz Igorren. Euskararen aldeko ekimen parte hartzaile eta herrikoi honek joan den urteko apustua bikoiztu, eta 500 pertsona gehiago batu nahi ditu. Kultur Etxetik Orobi auzora, gazte, zahar zein familiek berriro «Euskaraz bizi gura dot» esango dute Arratia aldean.

p019_f02.jpg

Mikel PASTOR | IGORRE

Joan den urtean, irekierak, lehenbiziko esperientziak sortzen duen beldur horrekin ekin zioten Arratia aldeko ehunka euskaltzalek «Mila Baietz!» ekimena prestatzeari. Zorionez, herritarren erantzuna paregabea izan zen, euskararen aldeko lehen enbidoa aise irabaziz.

Aurten bigarren urratsa egin nahi dute. Apustua bikoiztu, arriskatu, eta irabazi. Ordaina, euskaraz bizitzeko kontzientziak piztea; hori baita igandean egingo den «Mila baietz!» ekimenaren filosofia eta sakoneko mezua.

Iazko kopuru biribil horri, mila pertsonakoari, beste bostehun gehitu nahi dizkiote antolatzaileek, Intxaurbizkar kultur elkarteak, Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz.

Baina, zertan datza? Zer da «Mile baietz!»? Nolabait argitzeko, ekimen ibiltaria dela esan daiteke, norbanako bakoitzak, kilometro bana eginez, euskarari ekarpena egiten diolako. Igande honetarako, gainera, zenbait nobedade prestatu dituzte. Nabarmenena, euskaltzale bakoitzaren ahaleginak sari sinbolikoa izango duela. Kilometro bakoitza puzzle zati bat izango da eta egin ahala puzzlea osatzen joango da; 1.500 piezatako puzzle erraldoiaren zati bana gehituko dute parte hartzaileek.

Amaia Arauzo Igorreko euskara teknikariak GARAri azaldu zionez, «Mile Baietz» ekimena planteamendu globalago baten baitan agertu zen iaz: «Udaletxetik `Euskeraz bizi gura dot' kanpaina martxan jarri genuen, herriko eragile ezberdinen kolaborazioa eskatuz. Bide horretan, Intxaurbizkarretik euskara eta parte hartzea sustatzeko ekimen hori proposatu ziguten, eta martxan jarri zen».

Zentzu horretan, kultur elkarteak egindako lana baloratu nahi izan zuen euskara teknikariak: «Sekulako lana egiten ari dira. Iazkoa handia izan zen, baina aurten gainditzen ari dira maila hori. Puzzlea egiteko, adibidez, ordu piloa eman dituzte. Txapakumea moztu, zati bakoitzari zenbakia jarri, lixatu... Antolakuntza lanetan ere boluntario mordoa apuntatu dira. Lan bikaina, orokorrean».

Enbidoak arratsaldeko 20.00etara arte iraungo du. Ordu horretan, Kultur Etxean, sorpresatxoa prestatu dute, baina «ezin dugu horren pistarik eman», adierazi zuten.

Zeruari begira

Larunbat honetan giro ederra espero da Euskal Herri osoan. Halaxe espero dute, behintzat, Igorren: «Espero dugu eguzkia agertzea, edo behintzat, euririk ez egitea, giroa hobetzeko. Joan den urtean, eguraldia lagun, familia mordoa ikusi ahal izan genituen paseoan. Zenbait gazte kuadrillan korrikan, patinetan zihoazenak, bizikletan... Bakoitzak bere era aurkitzen du», azaldu zuten antolatzaileek.

Ulertzekoa da, gainera, eguraldiaren laguntza eskatzea. Karmele Aurrekoetxea Jai Batzordeko kideak azaldu zuenez, joan den asteburuan eroritako euri zaparrada etengabeek «nahiko goibeldu dituzte ekintzak, baldintzatu egin dituzte guztiz, eta toki estalietara eraman behar izan dituzte, paella txapelketa kasu». Spinning eta aerobic saioak ere frontoira eraman behar izan dituzte.

Jai batzordeak, halere, ez du esperantzarik galtzen. Diotenez, parte hartzea oso handia izan da, izandako traba meteorologikoen gainetik, eta gaurtik aurrera eta asteburuan zehar «giro ezin hobea» espero dute.

inplikatuta

Jai Batzordekoek adierazi zutenez, etengabe eroritako euri jasek ez dute igorretarren gogoa baretu, eta orain arte, aterpean egin behar izan diren ekintzetan, paella txapelketa kasu, parte hartzea handia izan da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo