GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Gurean ere gertatzen dira

 

Bilbon tortura zantzuekin hilda agertutako bi emakumeen harira, Bilbo hiri lasaia dela eta horrelakoak ez direla gertatzen entzun da azken egunotan. Ez dut zalantzan jarriko baieztapenok egin dituzten hiritarrek eta instituzioek sentitu duten samina, baina azken hauengandik hausnarketa sakonagoa espero nuen. Emakumeen kontrako bortizkeria salatzeko kontzentraziora deitzen duen instituzioak ezin du gero esan Bilbon ez dela horrelakorik gertatzen. Zer da Bilbon gertatzen ez dena? Zer du Bilbok beste hiriek ez dutena? Bilbon ez da emakumeen kontrako erasorik edo?

Bilbon gertatzen ez omen dena, ustezko serie-hiltzaile baten topaketa omen da, baina jazo edo ez, askori primeran etorri zaie balizko hipotesi hau.

Egunak eman dituzte hainbat mediok ustezko hiltzailearen inguruko profila egiten. Orduak eta lerroak fartsante bat zela erakutsi nahian edo buruan tumore bat izateak harengan eragin zezakeen jarreraz espekulatzen; horiekin jazotakoa justifikatuko balitz bezala.

Bitartean, ezer gutxi aztertu dute hedabide horiek Bilbon diharduten sexu-langileen egoeraz. Hedabide gutxi eta gutxituak dira Bilboko Udalak sexu langileei jarri ahal dizkien isunen mehatxupean lan egiten duten emakumeen inguruan aritu direnak. Inork gutxik hitz egin du emakume migrante askok gurean bizi duten segurtasun ezaz.

Ustezko hiltzailea shaolin monjea zen edo ez zen, fartsante bat zen edo ez zen, tumore bat zuen edo ez, horiek ez dute axola. Ada genero indarkeriaren arrisku-maila gorenean zegoen. Emakumea, beltza eta sexu-langilea delako hil dute Ada, eta horrelakoak gurean ere gertatzen dira.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo