GARA > Idatzia > Euskal Herria

Indarkeria matxista «lehen mailako arazo» gisa tratatzeko eskatu dute

Euskal Herriko mugimendu feministak zenbait instituzio eta komunikabidek Ada Ottuyaren eta Jenny Sofia Revolloren hilketekin izaniko jokabidea salatu zuen, emaniko trataera «sexista, bortitza, suntsitzailea eta etika zein gizatasunik gabekoa» izan dela argudiatuz.

p014_f02.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

«Lotsagarria izan da honen inguruan sortutako zirku mediatikoa», Euskal Herriko erakunde feministek gogor egin zuten atzo zenbait instituzio eta hedabideren kontra, Ada Ottuya eta Jenny Revolloren hilketa «kasu isolatu» bat izan dela adierazteagatik, eta trataera mediatikoa «morboan» oinarritzeagatik. Horren aurrean, indarkeria matxista «lehen mailako arazo politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala» izan dadila exijitu zuten.

Arlo instituzionalari dagokionez, bi hilketak salatzeko elkarretaratzeetara gerturatutako zenbait politikariren jarrera kritikatu zuten, «argazkietan agertzeko lehen lerroan jartzea» eta «edukirik gabeko adierazpen antzuak egitea» egotzita.

«Noiz onartuko duzue arazoa egiturazkoa dela? Hartu beharreko neurriak integralak izan behar direla? Berehalako esku hartzea behar duen lehen mailako arazoa dela?», galdetu zuten mugimendu feministako kideek. Ildo horretan, zenbait instituzioren kontrol nahiaren kontra jo zuten: «Ez dugu kontrola eskatzen, gu ez gara erasotzaileak, erasotakoak baizik. Benetako konpromiso eta borondate politikoa da eskatzen duguna».

Eraildako bi emakumeek jasotako trataera mediatikoak biolentzia matxistaren beste biktimek normalean jasotzen duten trataera xumearekin kontraste nabarmena egin du. Ildo horretatik ere zorrotz agertu ziren: «Ez dugu nahi puntu morea urtean behin, baizik eta urteko 365 egunetan. Behingoz emakume guztiok bizitzako eremu guztietan bizi dugun indarkeria sexistari amaiera eman diezaiogun».

Zenbait komunikabiderentzat ere hitz gogorrak izan ziren, kasuari emandako «tratu sexista, bortitza, suntsitzaileagatik. Lotsagarria izan da zirku mediatikoaren muntaketa».

Mugimendu feministaren ustez, hedabide hauek estigmatizazioa bultzatu dute, «soilik morboa piztuz eta inolako interesik ez duten zenbait informazio emanez».

Hortaz, indarkeria sexista «instrumentalizatu ez dezatela» exijitu zuten, baita «emakumeon aurkako eraso guztiak ikustaraz ditzatela ere eta inolako justifikaziorik egin ez dezatela. Onar dezatela erasotzaileak erasotzaile direla patriarkatuaren funtzionamendua ikasia dutelako».

Harago joanez, mugimendu feministak jasotako «ikusezintasuna» salatu zuten, subjektu politiko gisa errekonozituak izan daitezela eskatuz.

MANIFESTAZIOA

Prentsaurrekoan aipatutako urraketak salatzeko, Euskal Herriko mugimendu feministak martxa deitu du biharko. Arratsaldeko 19.30ean abiatuko da Arriaga plazatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo